Hirugarren urtez, BAIC Basque Artificial Intelligence Centerrek ApplAI26 topaketa antolatu du. Donostiako Kursaalen egin den jardunaldira 600 parte-hartzaile baino gehiago bertaratu dira, helburu partekatu batekin: adimen artifizialaren eta haren aplikazioaren gainean hausnartzea. Edizio berrian fokua AAren aplikazioan jarri dute: nola txertatu AA erakundeen estrategietan? nola lortu benetako inpaktua?
Hiru bloketan banatu da jardunaldia, eta horrek ahalbidetu du orotariko gaiez hitz egitea eta gaia goitik behera lantzea: “nola handitu AAren proiektu pilotuen eskala, nola prestatu taldeak, nola gobernatu datua, nola txertatu esparru arautzailea eta nola hartu erabakiak iraunkortasun-, etika- eta lehiakortasun-irizpideekin”.
“Goi-mailako 29 hizlarik” hartu dute parte ApplAI26n: Pilar Manchón (Google); Ángel Sáenz Cenzano (LinkedIn), Nerea Aranguren (Mondragon Korporazioa), Javier del Ser (Tecnalia) eta Lorena Fernández (Deustuko Unibertsitatea), besteak beste. Jardunaldian izan dira, halaber, zenbait enpresa entzutetsu: Lantek, Fagor Ederlan Group, Laboral Kutxa, Okin, Multiverse Computing, Ikerlan, ITP Aero eta Vicomtech.
Mikel Jauregi Industria sailburua ere izan da topaketan, eta nabarmendu du erronka jada ez dela teknologia probatzea, “baizik eta benetako prozesuetan integratzea eta haren eragina eskalatzea”. Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritzak helburu duela EAE AAren arloan “Europako punta-puntako taldean kokatzea”. Aldi berean, Laura Marrón BAICeko zuzendari nagusiak gogorarazi du AA aplikatzeko ezinbestekoa dela “estrategiaz, talentuz eta arduraz” jokatzea.