Applek munduko garatzaileen konferentzia (WWDC Apple Worldwide Developers Conference) egin du astelehen honetan, mezu argi batekin: adimen artifiziala da konpainiaren lehentasun nagusia. Ordubete baino gehiagoko aurkezpenean, Cupertinoko (California, AEB) enpresak Apple Intelligence eta AAk bultzatutako Siri berrituaren xehetasunak azaltzen eman zuen denbora gehiena. Gainerako sistema eragileen berrikuntzak, berriz, ekosistemaren errendimendua, segurtasuna eta fintzea hobetzera bideratu ziren nagusiki.
Tim Cookek aurkeztu zuen keynotea. Ekitaldia aprobetxatu zuen garatzaileei agur esateko, irailean zuzendari orokor kargua utziko baitu.
Lehen aldiz, Applek alde batera utzi zuen sistema eragile bakoitzaren berrikuntzak banan-banan aztertzen zituen formatu tradizionala. Horren ordez, udazkenean iritsiko diren iOS 27, MacOS 27 Golden Gate, iPadOS 27, VisionOS 27 eta WatchOS 27 bertsioen berrikuntzak aurkeztu zituen. Konpainiak azaldu zuenez, gailuen arteko integrazioa hobetzeko, segurtasuna indartzeko eta Apple Intelligence ekosistema osoaren elementu komun bihurtzeko ahaleginak egin ditu.
Tim Cookek ekitaldia aprobetxatu zuen garatzaileei agur esateko, irailean zuzendari orokor kargua kargua utziko baitu
Berrikuntza nabarmenen artean, Liquid Glass iaz estreinatutako hizkuntza bisualean egindako hobekuntzak daude. Applek zenbait elementu findu ditu erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzeko, bereziki MacOSen, horren diseinuak eragin baitzituen kritika gehien. Errendimendu-hobekuntzak ere iragarri ziren. Bertsio berriek animazio arinagoak eta ekintzak %30 azkarrago egitea ahalbidetuko duen optimizazio orokorra eskainiko dutela diote. AirDropen transferentzia-abiadura %80ra arte handituko da, eta Spotlightek, berriz, dokumentuak, argazkiak, mezu elektronikoak eta gailuan gordetako beste eduki batzuk aurkitzeko gaitasuna hobetuko du.
Pribatutasunak leku nabarmena hartu zuen beste behin konferentzian. Applek azpimarratu zuen segurtasuna dela bere produktuen oinarrietako bat, eta umeak eta adingabeak babesteko neurri berriak iragarri zituen. Horien artean, haur eta nerabeentzako kontu espezifikoak nabarmendu behar dira, helduentzako edukietarako murrizketak izango dituztenak eta erabiltzailea hazten doan heinean eboluzionatuko dutenak. Gainera, gurasoek edo tutoreek tresna berriak izango dituzte kontsumitutako edukiak gainbegiratzeko eta gazteek teknologiaren erabilera hobeto kudeatzeko.
Siri AI, Appleren apustu nagusia
WWDC 2026ko benetako protagonista Apple Intelligence izan zen. Konpainiak sektoreko beste enpresa batzuen aldean izan duen garapen motelagoa justifikatu zuen, eta ziurtatu nahiago izan duela adimen artifizialaren integrazio egokia lehenetsi merkaturatze bizkorragoa baino. Apple Intelligencen belaunaldi berriak, gainera, Googlen laguntza izango du, Geminiren gaitasunak integratuta. Applek ziurtatu zuen datuak babestuta egongo direla eta informazio pertsonala ez dela gordeko kanpoko modeloak entrenatzeko.
Berritasun nagusia Siri AI da, laguntzaile birtualaren bilakaera sakona. Komando tradizionalen bidez erabiltzeaz gain, aplikazio propioa izango du elkarrizketa naturalak izateko, ChatGPT edo Perplexityren antzera.
Apple Intelligenc
en belaunaldi berriak, gainera, Googlen laguntza izango du, Geminiren gaitasunak integratuta
Siri berriak hobeto ulertu ahal izango du eskaeren testuingurua, eta pantailan agertzen den edukia interpretatu eta denbora errealean erantzungo du. Ahots naturalagoa eta adierazkorragoa ere badu. Aplikazioa Appleren sistema eragile guztietan egongo da eskuragarri; Apple Watchen ere bai.
Applek, gainera, hobekuntzak plazaratu zituen sormen-tresnetan. Image Playgroundek irudi errealistagoak sortuko ditu, eta argazki-funtzioek, berriz, objektuak ezabatzeko, irudiak zabaltzeko edo argazkien enkoadraketa automatikoki hobetzeko aukera emango dute.
Hala ere, konpainiak Europako erabiltzaileentzat hain positiboa ez den albiste bat berretsi zuen: Siri AI ez da eskuragarri egongo hasiera batean Europako Batasunean eta, oraingoz, ingelesez bakarrik funtzionatuko du.
Ezusteko keinua Euskal Herriari
Aurkezpenean egindako erakustaldien artean gertarera bitxia jazo zen. Applek euskal tipografia duen Basque Cheesecake errezeta bat eta gure kulturaren ikur adierazgarrienetako bat diren bi lauburu erabili zituzten adibide gisa. Agerraldi laburra izan bazen ere, keinua deigarria izan zen mundu osoko milioika pertsonak jarraitutako hitzaldi batean.

WWDC 2026k Applek azken urteotan jaso duen kritika nagusietako bati erantzun nahi izan dio: adimen artifizialean izan duen itxurazko atzerapenari, Google, Microsoft edo OpenAI bezalako lehiakideen aurrean. iOS, MacOS edo iPadOSen berrikuntzak optimizazioan eta hobetzean oinarritzen diren bitartean, konpainiak Apple Intelligence eta Siri AI jarri ditu aurtengo estrategiaren erdigunean. Mugimendu horrek Applen produktuen hurrengo belaunaldiaren norabidea ezartzen du, Tim Cooken agurrarekin bat eginik.