Applen betaurrekoak errealitate ez-birtuala bihurtu dira

Enpresa estatubatuarraren Vision Pro bisore berriak inpresio ona utzi du merkatuko lehen egunetan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Joan den ostiralean, 2024ko otsailaren 2an, Applek berriro egin zuen, industria teknologikoa iraultzea eta errealitate areagotuaren bisoreentzat bide berri bat irekitzea helburu duen produktu berri bat merkaturatu zuen, edo, bataiatu duten moduan, "konputazio espaziala" kaleratu zuen. Merkatuan egin dituen lehen egunetan, kazetari teknologiko askok Apple Vision Pro-rekin probak egiteko aukera izan dute, eta, oro har, lehen inpresioak positiboak eta baikorrak izan dira teknologia horren etorkizunari dagokionez.

Errealitate birtual eta areagotuak urteak daramatza gure artean, guk uste baino askoz gehiago, Applek ez du ezer asmatu. 1995ean, Nintendok teknologia hau probatu zuen Virtual Boy bideo-kontsolaren bitartez. Murgiltze bidezko 3D bisore mota bat zen, bideojokoetan jokatzea ahalbidetzen zuena. Teknologia hau zein "berde" zegoen ikusita, eta bideojokoen kalitate txarrak eragiten zituen zorabioak dela eta, ia 700.000 unitate bakarrik saldu ziren. Urte batzuk gerora, 2012an zehazki, Googlek Google Glasses aurkeztu zuen, errealitate areagotuko betaurrekoak, pantailatxo txiki batean gure begiei informazioa proiektatzen zietenak. Googleren esperimentua laster bihurtu zen Kaliforniako konpainiaren beste porrot bat, proiektua alde batera utzita 2015ean. Azken urteetan ikusi dugu Samsung, Microsoft edo Meta teknologia honekin esperimentatzen aritu direla. Meta da arrakasta handiena lortu duena bere Meta Quest eta Metaverso izeneko mundu birtuala sortzeko proiektuekin. 2023ko WWDCn, Applek errealitate areagotuaren bisorea aurkeztu zuen, lehen “ordenagailu espaziala”. Urteetako zurrumurru eta filtrazioen ondoren, Apple Vision Pro iazko ekainean aurkeztu zuten, baina joan den astera arte ez da salgai egon, oraingoz AEBtan soilik dago eskuragarri.

Errealitate birtual eta areagotuak urteak daramatza gure artean, guk uste baino askoz gehiago, Applek ez du ezer asmatu. 1995ean, Nintendok teknologia hau probatu zuen Virtual Boy bideo-kontsolarekin

Apple merkatua iraultzera dator, orain arte arrakasta nahikoa izan ez duen produktu-sorta berri bati behin betiko ateak irekitzera. Applek ordenagailuentzat lehen Macintosh izan zena izan nahi du orain Vision Prok. MP3 erreproduktoreentzat iPod, iPhone Smartphonentzat edo AirPod-ak haririk gabeko entzungailuentzat izan zirena, hain zuzen. Produktu sorta horietako bat ere ezin dugu ulertu gaur egun, Applek industria irauli izan ez balu. Apple Vision Pro helburu berarekin dator, ez da errealitate areagotuaren bisore bat gehiago besterik izango, etorkizunean merkatuko lehiakideengatik iritsiko diren gainerako produktuek jarraitu beharreko bidea izango da.

Produktu berri hau probatu duten lehen erabiltzaileak bat datoz aurretik ikusitakoarekin zerikusirik ez duela esatean. Teknologian adituak diren komunikatzaileek, hala nola Marques Brownlee, iJustine, Joanna Stern (The Wall Street Journal) edo NordicWireko katalanek, Apple Vision Pro probak egin ahal izan dituzte, eta iPhoneak 2007an izan zuen mailako garrantzia duen produktu baten aurrean gaudela baieztatu dute. Baina, zer aplikazio erreal izan ditzake teknologia horrek industrian eta beste sektore batzuetan?

Industrian zer eragin izan dezake?

Industria edo bigarren sektorea abangoardia teknologikoan egon da historian zehar. Aurrerapen teknologikoen ondorioz, industria garatu egin da. Horregatik, ez da harritzekoa errealitate areagotua egungo lan asko egiteko modua aldatuko duen teknologia horietako bat izatea. Bisore bat edukitzeak, benetan ikusi ahal izateak gainjarritako objektuak gure errealitatean, errazagoa egin dezake 3Dko irudiak ikustea auto baten pieza gisa, hegazkin baten hegaleko osagai desberdinak edo begi hutsez ikus ezin daitezkeen objektu mikroskopikoak. Arkitekturan, errealitate areagotuak, oraindik eraikitzen hasi gabeko eraikin berri baten planoak ikusteko aukera ematen du, edo gela bat birtualki apainduta ikusteko eta objektu birtualak leku batetik bestera eraman ahal izateko aukera.

Medikuntzan eta hezkuntzan

Ordenagailuak eta Internet hezkuntzara edo medikuntzara ailegatu diren bezala, konputazio espazialak laguntza eskaini eta aurrerapena bultzatuko du. Errealitate areagotuari esker, medikuek urrutitik ikusi ahal izango dituzte ebakuntzak, eskuekin mugitu ahal izango dituzte gorputzaren atalak 3Dn begien aurrean, edo inplante ñimiñoak bistaratu ahal izango dituzte nahi duten tamainan. Ikasleek ere jasoko dituzte teknologia horren onurak; izan ere, ikasgelatik Grezia zaharrera telegarraiatu, ilargia zapaldu eta giza gorputzeko gihar eta hezurrak ikusi eta manipulatu ahal izango dira.

Garrantzitsua izango da Appleren lehiakideen erantzuna ikustea datozen hilabeteetan

Errealitate areagotuak eta Applek Vision Pro direlakoekin egindako proposamenak, teknologia honen etorrerari eta zientzia fikziotik urrun dauden benetako erabilerei buruzko baikortasuna sustatzen dute. Oraingoz, teknologia lehen urratsak ematen ari da, eta ikusteko dago noiz iristen den planetako gainerako tokietara. Garrantzitsua izango da Appleren lehiakideen erantzuna ikustea datozen hilabeteetan; izan ere, teknologia horren aldeko apustua egiten dutela ikusten badugu, urrats nagusia izango da errealitate bihur dadin, eta ez "areagotua".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK