• BERRIKUNTZA
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako konpainien %17,4k erabiltzen du AA

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako konpainien %17,4k erabiltzen du AA

BAICen azken diagnostikoak dio adimen artifiziala erabiltzeak enpresen fakturazioa %8,7 igotzea dakarrela

Aranguren, Ganzarain eta Marron, gaurko ekitaldian | Argazkia: Irekia
Aranguren, Ganzarain eta Marron, gaurko ekitaldian | Argazkia: Irekia
2025eko urriaren 13a - 14:11

BAICen arabera, adimen artifizialean espezializatutako profesionalen kopurua %20 baino gehiago handitu da azken urtean EAEn. Teknologia hau geroz eta enpresa gehiagotan erabiltzen da gainera, konpainien %17,4k erabiltzen baitute, aurreko urtearen %12,2ren aldean.

 

Adimen artifiziala oinarri duen zentroak teknologia honen gaineko diagnostiko berritua aurkeztu du gaur Bilbon, Spriren egoitzan. Bertan izan dira Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Nerea Aranguren, BAICeko lehendakariordea eta Laura Marron BAICeko zuzendari nagusia.

Industria sektoreko enpresa txiki eta ertainean artean “adimen artifizialaren adopzioa” zabalduko dutela adierazi du Ganzarainek. “Datozen hamar urteotan, lehiakortasuna datuen, adimenaren eta ezagutza hori balio bihurtzeko gaitasunaren inguruan jokatuko da. Eusko Jaurlaritzatik adimen hori, hemen Euskadin, gure industrian eta gure gizartean sortzea, kudeatzea eta aprobetxatzea nahi dugu".

 

Gaurko ekitaldian nabarmendu dute adimen artifiziala “lehiakortasun eta hazkunde motorra dela”. Hala, teknologia hau erabiltzeak enpresen fakturazioaren %8,7ko batez besteko igoera dakarrela diote enpresek. Halaber, hornitzaileen diru-sarrerak urte batean 105 milioitik 223 milioira handitu dira.

EAEn 9.500 profesional espezializatu baino gehiago daude, eta urtean 1.100 graduatu berri, hau da, 2024an baino %20 gehiago. Arangurenen hitzetan, “Euskadik erakusten du lankidetzatik abiatuta gai dela industria iraultza berri hau gidatzeko. Enpresen, zentro teknologikoen eta administrazioen arteko elkarlana erronkak aukera bihurtzen ari da, AA fidagarria, arduratsua eta gizartearen ongizatera bideratuta”.