Arabak 300.000 faktura jasotzen ditu egunean TicketBai ezarri zenetik

Sistema berria ez erabiltzeagatik hamar isun jarri dituzte

Argazkia: Arabako Foru Aldundia Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, iazko abenduan Ticketbai fakturazio sistema abian jarri zenetik, Arabako 19.300 enpresa eta autonomo baino gehiago ari dira erabiltzen, eta hilean batez beste 15.000 faktura jaulkitzaile izaten ari dira.

Itziar Gonzalo foru aldundiko Ogasuna, Finantza eta Aurrekontuen diputatuak eman ditu datuok argitara. Zehaztu duenez, 90.800.000 faktura baino gehiago jaso dira, eguneko 300.000 hain zuzen. Horietatik %94 zuzen bidali dira, eta %6 soilik dira akatsdunak.

Honela, guztira 18.200 milioi euro lortu ditu Arabako Foru Aldundiak fakturen bidez, eta FakturAraba eta TicketBai sistemak erabili ahal izateko foru aldundiaren web aplikazioa 8.700 pertsonek erabiltzen dute.

Sistema honi esker, baldintzak ez betetzeagatik 562 espediente ireki direla jakinarazi du Gonzalok, eta horietatik 37 herritarrek iruzurra aurreikusteko emandako laguntzatik datozela argitu du. Hala, orain arte sistema ez erabiltzeagatik 10 zigor ezarri dira, denera 20.000 euro.

Diputatuaren hitzetan, “kontsumitzaileei bermea ematen dien, gure tokiko merkataritza ikusarazten duen eta lehia desleialari aurre egiteko aukera ematen duen” tresna da TicketBai. Halaber, “aurrerapen kualitatiboa” ekarriko du jarduera ekonomikoaren digitalizazioan, eta “etorkizunean erraztasunak emango dizkio” zergadunari aitorpenak aurkezterako garaian.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK