Artikulazioak birgaitzeko ferula artikulatu eta programatua, Innovation Challengeko irabazlea

Donostiako Axular Lizeoko ikasleek aurkeztutako eta 3D inprimaketarekin garatutako ‘Ferulapp’ proiektuak irabazi du 2022ko saria

Donostia Innovation Challengeko irabazleak | Argazkia: Donostia Sustapena Donostia Innovation Challengeko irabazleak | Argazkia: Donostia Sustapena

Donostia Innovation Challenge ekimena lehen eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, berrikuntzari lotutako gaitasunak garatu eta entrenatu, eta proiektu bat enpresaren teknikaren ikuspegitik diseinatu eta kudeatu ahal izateko. Aurtengo erronka, teknologia erabiliz hiria hobetzeko irtenbide berritzaileak asmatzean zetzan.

2022ko edizioan, Donostiako 11 ikastetxetako 443 ikaslek hartu dute parte, eta bost hilabetez 13 erakunde laguntzailetako ordezkariekin lan egin ondoren,  Donostiako Sustapenak 70 proposamen baino gehiagoren artean bost proiektu onenak hautatu ditu, bat teknologia bakoitzeko (adimen artifiziala, 3D inprimaketa, errealitate mistoa, gauzen internet eta robotika aurreratua). Azkenean, ‘Ferulapp’ proiektua izan da irabazlea, Axular ikastetxearen ferula artikulatu eta programatua, pertsonen artikulazioetan errehabilitazioa errazteko balio duena.

Proiektu irabazleaz gain, gainerako proiektu finalistek proposamen desberdinak aurkeztu dituzte: ‘Outfit check’, zein arropa erosi erabakitzen laguntzen duen aplikazioa, gauzen internetarekin garatua; ‘Phoybe’, fobiei eta beldurrei aurre egiteko aplikazioa, errealitate mistoarekin garatua; ‘Wae’, adimen artifizialari lotuta, nutrizio-proposamen pertsonalizatuak egiten dituen proiektua; eta robotika aurreratuarekin garatutako ‘Pick a book’ proiektua, udal liburutegietan mugikortasun urriko pertsonei laguntzen dieten robotak.

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK