Asmoak eta gakoak

Euskalgintzaren Kontseiluaren datuen arabera, EAEko ehun enpresatatik bakarrak dauka garatuta euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat; oso gutxi da, baina gero eta enpresa gehiago dira

Zergatik bultzatu euskara? Arrazoiak askotarikoak izaten dira | Argazkia: iStock
Zergatik bultzatu euskara? Arrazoiak askotarikoak izaten dira | Argazkia: iStock
Imanol Azkue Ibarbia, Elhuyarreko Euskararen arloko aholkularia
2026ko irailaren 21a - 05:30

Hizkuntza-aholkularitzan gabiltzanoi sarritan galdetzen digute euskara bultzatzeko gako nagusiez, batez ere bide horretan hasi berri diren enpresek eta erakundeek, helduleku lagungarrien bila eta eraginkorrago izateko. Bi enpresa berdin ez badaude ere, guztientzat baliagarriak izan daitezkeen gako batzuk azpimarratuko ditugu, tarteka komeni izaten delako ikasi duguna errepasatzea eta nabarmentzea.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nahia

Zergatik bultzatu euskara? Arrazoiak askotarikoak izaten dira, sarritan bat baino gehiago ere bai aldi berean, eta horiek nolakoak, halakoa izaten da bultzada. Batzuetan, arrazoia lege-betekizuna izaten da, hau da, euskara ere hizkuntza ofiziala izanik, presentzia eta erabilera bermatzeko; beste batzuetan, eragin handia dauka enpresaren kokalekuak edo enpresako langileen jatorriak eta izaerak, gune euskaldunetan handiagoa izaten baita atxikimendua; edo arrazoia izan daiteke interes komertziala (gehiago saltzeko), zenbaitetan euskara delako lehiakideetatik bereizteko faktore erabakigarria.

Euskara bultzatzeko lehen asmoa edo abiapuntua, gehienetan, erabaki kolektiboa eta konpartitua izaten da (adibidez, sindikatuen bultzadaz); beste batzuetan, berriz, pertsona bakarraren ekimena izaten da (adibidez, enpresaren burua edo jabea). Nolanahi ere, borondate horrek izan behar du konpartitua, hau da, enpresa osatzen duten guztiena; euskara bultzatzen bat egin behar dute enpresa osatzen duten guztiek, eta borondateak egitura edo hierarkia organiko osoa zeharkatu behar du; adibidez, sarritan ikusten dugu enpresa bitan zatituta (tailerra eta bulegoak, eskulana eta ordenagailu aurrekoa, bulegoak eta zentrala…), bi mundu desberdin balira bezala, eta maiz hala izanagatik, tarteko elkarguneak topatu behar dira. Halaber, euskara bultzatzeko borondateak izan behar du benetakoa eta ez itxurakeria; izan ere, bultzatzeko ahaleginetan makina bat egoera eta zailtasun sortzen dira, eta hor probatzen da nolakoa den eltzea eta nolakoa den gogoa.

 

Integrazioa

Garrantzitsua da borondatea benetakoa eta konpartitua izatea, baina alferrikakoa izango da asmo hori gero behar bezala bideratu eta egituratu ezean. Horregatik, euskara bultzatzeko, irizpide batzuk ezarri behar dira, enpresa osorik hartuko dutenak, enpresak euskarari lehentasuna non eta nola eman nahi dion azaltzeko. Gehienetan, irizpide horiek dokumentu eredugarri batean jasotzen dira (Hizkuntza Politika Orokorra edo Hizkuntza Irizpideak), eta lantzeko, oso tresna baliagarria da Eusko Jaurlaritzaren Erreferentzia Marko Estandarra, enpresaren jardunaren alderdi nagusiak (zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza) biltzen dituelako; baina betiere malgutasunez, enpresa bakoitzaren errealitatera (produktua, tamaina, kokalekua, egitura…) egokituta, eta, batez ere, kontuan izanda pertsonekin aritzen garela lanean, eta horiek badituztela ametsak, nahiak, beldurrak, kezkak… Halaber, komunikazioa eta informazioa ere funtsezkoak dira, batik bat enpresan sartzen diren lankide berriekin, eta, jakina, ezarritako irizpideak betetzen direla ziurtatzeko baliabideak eskaintzea eta horien betetze-mailaren segimendua egitea. Asmoak egituratu eta bideratu ezean, nagusi den hizkuntza (gaztelania edo ingelesa) bultzatzen jarraituko dugu, inertziaz, hainbestekoa baita hizkuntza hegemonikoen indarra.

Sentsibilizazioa eta motibazioa

Euskara bultzatzeko nahia ez da beti berdina izaten, gorabeherak izaten dira, eta landu, elikatu eta indartu egin behar da. Kanpoko faktoreek ere eragin handia izaten dute, izaten direlako gogoa puzteko momentuak (adibidez, Korrika, Euskaraldia…) eta izaten direlako txakalaldiak (nekea, euskararen aurkako erasoak, krisialdi ekonomikoak, gatazka sozial edo politikoak…). Funtsezkoa da euskara bultzatzearen aldeko kolektiboa indartsu eta gogotsu mantentzea, talde-izaera eta kohesioa indartzea, eta horretarako motibazio- eta sentsibilizazio-ekintzak antolatzea. Beti ezin izango dugu egin ahalegin berbera, eta asmatu behar dugu noiz aritu behar dugun bete-betean eta noiz egon behar dugun egonean.

Funtsezkoa da euskara bultzatzearen aldeko kolektiboa indartsu eta gogotsu mantentzea, talde-izaera eta kohesioa indartzea, eta horretarako motibazio- eta sentsibilizazio-ekintzak antolatzea

Erronka da euskararen aldekoak indartzea, baina baita gertu dabiltzanak erakartzea ere, euskara bultzatzeko modu desberdinak eskainita, denei ezin baitiegu eskatu edo eskaini gauza berbera. Garrantzitsua da kolektibo zabal hori trebatzea, janztea, arrazoiak ematea eta motibazioari eustea. Gainera, arreta berezia jarri beharko dugu urrunetik gurera etorri direnengan, behar bezalako harrera egin eta gurekin bat egiteko.

Laneko hizkuntza

Lanean, egunerokoan eta etengabe azaltzen zaizkigu hizkuntzak, bat baino gehiago ere bai aldi berean, non edo norekin ari garen, desberdinak: enpresa barruan langileen artean (laneko kontuekin edo kafe-garaian), laneko erremintetan edo dokumentazioan, hornitzaileekin, bezeroekin, administraziorekin… Enpresan euskara bultzatzeko, garrantzitsua da hitz egitea eta erabakitzea zer hizkuntzatan egin nahi dugun lan, zein izango den hizkuntza bakoitzaren lekua eta pisua laneko eginkizun eta egitura bakoitzean, eta hori ez utzi langile bakoitzaren esku nahierara. Euskara bultzatzeko, euskara laneko hizkuntza gisa ezartzea baino hoberik ez dago.

Hori erabakita ere, ez da erraza izaten asmoa aurrera eramatea, oztopoak ugariak izaten dira, eta batzuetan erabaki ausartak hartu eta baliabideak aurreikusi behar izaten dira, inbertsioak egin (adibidez, trebakuntzan); gainera, beharrezkoa da langileen aldeko iritzia, horiek izango baitira eragile eta bultzatzaile nagusiak; funtsezkoa da buruen aitzindaritza eta lidergoa… Euskaraz lan egiten duen enpresak natural eta ahalegin handirik gabe bermatuko du euskara kanpo-harremanetan.

Euskaldun agertzea

“Euskaldun agertzea ez baita josteta”, zioen Xalbadorrek, eta, “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza dan”, berriz, Ruper Ordorikak, eta egia da: euskaldun izatea eta agertzea batzuetan ez da jolasa, eta irmotasuna eskatzen du. Modu asko dago euskaldun azaltzeko: enpresaren izena eta irudi korporatiboa, publizitatea euskaraz (euskarazko zein erdarazko hedabideetan), lehen hitza euskaraz… Baina baita erabaki txiki bezain garrantzitsuetan ere: bilera-gelen izenak euskaraz, produktuen izenak euskaraz, enpresako sailen izanak euskaraz, helbide elektronikoak euskaraz (pertsonak@)), puntueus erabilita eta abar.

Modu asko dago euskaldun azaltzeko: enpresaren izena eta irudi korporatiboa, publizitatea euskaraz (euskarazko zein erdarazko hedabideetan), lehen hitza euskaraz…

Euskaldun agertzeko lanetan, funtsezko eginkizuna daukate enpresako liderrek, bai formalek, bai informalek; izan ere, zer hizkuntza darabilten, ispilu edo irudi dira beste askorentzat. Hona hemen horren adibide bat: euskaraz lan egiteko erabakia hartu zuen enpresa bateko burua, goizean goiz, karpeta eskuan, tailerra alderik alde zeharkatzen, gainerako langileekin batera euskara-klaseetara joateko; ba al da dudarik enpresa horretan euskara aintzat hartzen dutela?

Lagunduta

Sarritan entzuten dugu euskara bultzatzeko zailtasun nagusietako bat baliabide falta dela, ez dagoela behar adina bitarteko; baina borondatea izanez gero, baliabideak ere lortzen dira. Gaur egun, administrazioko erakundeek diruz laguntzen dituzte euskara ikasteko eta bultzatzeko ekimenak, eta bilatuz gero, material lagungarri ugari dago eskura, asko doan: hiztegiak, idatzi-ereduak, itzulgailu automatikoak… Hizkuntza-teknologiek eta adimen artifizialak, gainera, espero ez genuen eszenatoki berria jarri digute aurrealdean, aukera adina mehatxurekin.

Euskalgintzaren Kontseiluaren datuen arabera, EAEko ehun enpresatatik bakarrak dauka garatuta euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat; oso gutxi da, baina gero eta enpresa gehiago dira, eta ingurura begiratuta (herrian, sektorean…), izango dira antzeko nahiak eta asmoak dauzkaten beste enpresa eta erakunde batzuk, elkarren berri izateko eta elkarri laguntzeko, askotan sareetan edo mahaietan eratuta, sektoreka (adibidez, Indeus Industriaren Euskal Plataforma edo Eusko Jaurlaritzako Finantza Entitateen Mahaia) edo eskualdeka (adibidez, Landue, Durangaldean; Ingudea, Goierrin; Harixa, Debagoienan…).

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain