• BERRIKUNTZA
  • Autoen bateriak birziklatzeko Euskal Herriko lehen planta egongo da Caparroson

Autoen bateriak birziklatzeko Euskal Herriko lehen planta egongo da Caparroson

2026an jarriko da martxan lantegia, eta 70 lanpostu inguru sortuko ditu. Nafarroako Gobernuak, Hego Koreako bi enpresek eta lurraldeko hainbat eragilek sustatu dute proiektua

Chivite BeeCycle proiektuko sustatzaileekin atzoko bileran | Argazkia: Nafarroako Gobernua
Chivite BeeCycle proiektuko sustatzaileekin atzoko bileran | Argazkia: Nafarroako Gobernua
2024eko abuztuaren 27a
Eg. 2025eko apirilaren 10a

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria SungEel HiTech eta Samsung C&T enpresa korearretako ordezkariekin bildu ziren atzo, Nafarroan BeeCycle proiektuaren jarraipena egiteko.

 

BeeCycle auto elektrikoen bateriak birziklatzeko planta izango da, Euskal Herriko lehena, eta Caparroson egongo da. Chivitek azaldu duenez, 2026tik aurrera hasiko da lanean, eta 70 lanpostu inguru sortuko ditu.

BeePlanet Factory enpresa da proiektuaren buru, eta Sodena sozietate publikoak, Metales de Navarrak eta TW Group taldeak ere parte hartuko dute, aipatutako Koreako enpresez gain. 31.000 metro koadroko lursail bat erabiliko dute lantegia egiteko, eta 18,5 milioi euro jarriko dituzte denera.

 

Bart Koreako ordezkaritzari egin zion harrera Chivitek. "BeeCyclek komunitate aitzindari gisa kokatzen du Nafarroa industria jasangarriaren garapenean. Industria horrek hazkunde ekonomiko eta garapen sozial ezin hobea bultzatzen du, arazo larriak konpontzen ditu eta funtsezko merkatu baten alde egiten du, hala nola mugikortasun elektrikoaren alde", adierazi du.

Bestalde, Agustin Idareta BeePlanet Factoryren sortzaileetako batek, enpresak "iraunkortasunarekin duen konpromisoa" goraipatu zuen atzoko bileraren ostean: "Gaur, gure korear bazkideen eskutik eta tokiko partzuergo oso indartsu bat osatuz, konpromiso handiagoa dugu. Gogor ari gara lanean teknologia, segurtasun eta jarduera estandar onenak lortzeko”.

Urtean 25.000 auto inguruko bateriak kudeatzeko gaitasuna izango du planta berriak, eta 10.000 tona masa beltz sortuko ditu aldi berean.