• BERRIKUNTZA
  • Azpilurrek amaitu du Gasteizko automobilgintzako zentro berriaren eraikuntza

Azpilurrek amaitu du Gasteizko automobilgintzako zentro berriaren eraikuntza

Jundizeko industrialdean dagoen eraikinak 18 milioi eurotik gorako inbertsioa jaso du

BAM zentroa | Argazkia: Azpilur
BAM zentroa | Argazkia: Azpilur
2026ko uztailaren 2a - 11:38

Azpilurrek amaitu ditu Gasteizko Jundizeko industrialdean eraiki duen Automobilgintzarako Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren (BAM) egoitzaren obrak. Lanak 2024ko maiatzaren 31n hasi ziren, eta aurtengo ekainean bukatu dira, 18 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin. Zentroa 24.104 metro koadroko partzela batean dago, eta bi solairutan banatutako instalazioak ditu: behekoan fabrikazio eta ikerketa aurreratuko jarduerak egingo dira, besteak beste kalitate-kontrola, ikusmen artifiziala, automatizazioa, robotika eta ibilgailuen ekoizpena; goikoan, berriz, jasangarritasunari, berrikuntzari, proiektuen kudeaketari eta administrazioari lotutako espazioak egongo dira, baita prestakuntza eta ekitaldietarako gelak ere.

 

Eraikinaren diseinuak egitura modularra du, jardueraren beharretara egokitzeko asmoz, eta ibilgailu astunen zein oinezkoen sarbide bereiziak aurreikusten ditu. Proiektua garatzeko, Azpilurrek BIM (Building Information Modeling) metodologia digitala erabili du, diseinua, dokumentazioa eta obraren jarraipena informazio-iturri bakar batean biltzeko. BAM zentroa automobilgintzako fabrikazio aurreratuan erreferente izatea aurreikusten da, eta enpresen, ezagutza-zentroen eta ikerketa-eragileen arteko lankidetza sustatzea izango du helburu, EAEn ibilgailu elektrikoaren industriaren garapena bultzatzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain