• BERRIKUNTZA
  • Aztik kostaldeko behatoki bat jarri du martxan ekonomia urdinera begira aurrerapausoak emateko

Aztik kostaldeko behatoki bat jarri du martxan ekonomia urdinera begira aurrerapausoak emateko

#ebegi aplikazioak itsas informazioa erraz ezagutzeko eta kostaldeetarako irtenbide berriak garatzeko balio du

#ebegi plataforma | Argazkia: Azti
#ebegi plataforma | Argazkia: Azti
2023eko maiatzaren 3a
Eg. 2023eko maiatzaren 3a

Azti zentro teknologikoak online aplikazio bat jarri du martxan, kostaldeko behatoki gisa, ekonomia urdinera begira aurrerapausoak emateko, eta klima aldaketak kostaldeko hiriguneetan dituen ondorioei aurre egiteko.  Ohar bidez, Aztik #ebegi online aplikazio teknologiko berriaren garapenaren berri eman du, eta adierazi du itsas inguruneari buruzko funtsezko informazio guztia plataforma bakarrean ikusarazteko balio duen tresna dela.

 

“Online aplikazio hori lehen urratsa ere bada behaketa-sistema berriak eta datu berriak identifikatzeko edo, besterik gabe, daukagun informazioa aztertzeko modu berriak identifikatzeko eta horrela, itsas ingurunea eta haren aldaketak hobeto ezaugarritzeko”, adierazi dute zentro teknologikoan. Hala, gaur egun dagoen informazioaren ikuspegi osatuagoa emango luke aplikazioak denbora errealean. Informazio hori administrazio publikoentzat, zientzia- eta ikerketa-komunitatearentzat, arrantza- eta industria-eragileentzat eta, oro har, gizartearentzat funtsezkoa izan litekeela gaineratu dute.

“Klik sinple batekin, erabiltzaileak informazioa lortuko du itsas mailaren, tenperaturaren, uraren pHaren, olatuen, eta beste aldagai biologiko batzuen datuak dauden kokaleku eta aldiei buruz intereseko eremuan, hainbat iturri kontsultatzen ibili beharrik izan gabe. Horri esker, informatutako erabakiak hartzeko beharrezko datuak biltzeko lehen urratsa sinplifikatu eta arinduko da”, azpimarratu du Anna Rubiok, AZTIko ozeanografian adituak eta superbehatokiko koordinatzaileak. Halaber, eragile eta administrazioen arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzeaz gain, arrantza jardueraren eta kostaldeko eremuen kudeaketa ekosistemiko iraunkorra bultzatzen ere laguntzen duela gaineratu du Rubiok.

 

Ekonomia urdinera bultzada eta klima aldaketaren aurkako borroka

Aplikazioaren azken helburua bikoitza da. Alde batetik, ekonomia urdinean oinarritutako politiken eta zuzentarauen garapena erraztu nahi du, itsasoen eta euren baliabideen ustiapen iraunkorrean aurrera egiteko, jarduera ekonomikoa eta garapen soziala bultzatuz.

Bestetik, klimari eta aldaketa globalei lotutako erronken konponbideak bilatzen ere aurrera egitea du helburu, itsas mailaren igoeraren eta muturreko olatuen ondorioak aurreikustea ahalbidetuko duelako, hala nola, olatuek eta marea meteorologikoaren eta astronomikoaren konbinazioak sortutako uholdeak, kostaldeko higadura eta aldaketa morfologikoak estuarioetan.

Itsas ingurunea eta haren aldaketak hobeto ezagutzeko beharrezkoa den funtsezko informazioa handitzeko, #ebegik berrikuntza teknologikoko eta esperimentazioko zereginak ere aurreikusten ditu, ozeanoaren behaketako puntako metodologiak identifikatu eta testatzeko, lurrazaleko ibilgailu autonomoak eta gliderrak (itsaspeko txiki autonomoak) barne.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak finantzatu du #ebegi proiektua, eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eta URA Uraren Euskal Agentziaren laguntza du.