Baigene: zure DNA oinarri duen entrenamendua

Pertsona bakoitzaren genetika aintzat hartzen duen metodologia garatzen dute Baigenen. Hiru zentro ditu Euskal Herrian, baina gehiago irekitzeko asmoa dute

Gasteizen, Miñaon eta Zamudion ditu egun zentroak Baigenek | Argazkia: utzita
Gasteizen, Miñaon eta Zamudion ditu egun zentroak Baigenek | Argazkia: utzita
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko irailaren 26a - 05:30

Gimnasio tradizionalak merkatuan nagusitu dira, errutina jeneralistekin eta fitness proposamen gero eta estandarizatuagoekin. Horren aurrean, osasuna eta entrenamendua ulertzeko modua aldatzeko gai diren proiektuak sortu dira. Horietako bat Baigene gimnasioa da, zientzia, genetika eta kirola uztartzen jakin duen zentro aitzindaria, zerbitzu berri bat eskaintzeko: pertsona bakoitzaren DNAn oinarritutako entrenamendu eta nutrizio programak diseinatzea.

 

Genetika abiapuntu gisa

"Guk metodologia propioa eta berritzailea dugu, pertsonaren DNAn oinarritzen delako"azaldu du David Celorrio genetika doktore eta Baigeneko sortzaileetako batek, bere bazkide eta ikertzailearekin batera. Biak genetika forentsearen esparrukoak dira, baina 2013an eguneroko bizitzatik askoz hurbilago dagoen eremu batera jauzi egitea erabaki zuten: osasunera eta ongizatera.

Ariketari eta nutrizioari lotutako faktoreetan soilik oinarritutako analisi genetiko batekin hasten da prozesua. Helburua ez da gaixotasunak edo arrisku medikoak detektatzea, organismo bakoitzak entrenamenduari erantzuteko edo elikagaiak metabolizatzeko moduan eragiten duten berezitasunak ulertzea baizik. Informazio horretatik abiatuta, Baigeneko espezialistek plan pertsonalizatuak diseinatzen dituzte, BaigeneLAB izeneko instalazioetan egindako proba fisiko-funtzionalekin osatzeko.

 

Ariketari eta nutrizioari lotutako faktoreetan soilik oinarritutako analisi genetiko batekin hasten da prozesua. Informazio horretatik abiatuta, Baigeneko espezialistek plan pertsonalizatuak diseinatzen dituzte

"Genetikak nolakoak garen esaten digu, baina giroak esaten digu nola gauden une honetan. Bi geruzak konbinatzen ditugu benetan eraginkorrak diren planak diseinatzeko", dio Celorriok.

Ikerketatik praktikara

Baigeneren ideia bere sortzaileen ikerketa esperientziatik sortu zen. EHUko doktorego tesietan identifikazio test genetikoak egin zituzten, eta esperientzia hori inspirazio iturri izan zen pertsonei hobeto bizitzen laguntzeko. Kirolari eta nutrizioari lotutako DNAren eremuak aztertu zituzten, eta funtsezko desberdintasunak identifikatu metabolismo energetikoarekin, muskuluen birsorkuntzarekin edo gantz eta azukreen xurgapenarekin lotutako proteina batzuen eraginkortasunean.

Oinarri zientifiko hori tresna praktikoa bihurtu da egun Baigene zentroetan lan egiten duten entrenatzaile eta nutrizionistentzat. Hala, honakoa eskaintzen dute: proba genetiko eta funtzionalak, entrenamendu pertsonalizatuen diseinua, neurrira egindako elikadura eta prozesu osoan laguntza estua. 

David Celorrio: "Genetikak nolakoak garen esaten digu, baina giroak esaten digu nola gauden une honetan. Bi geruzak konbinatzen ditugu benetan eraginkorra diren planak diseinatzeko"

Celorrioren hitzetan, "gure helburua da 360 zerbitzua eskaintzea, alegia, pertsona bakoitzak bere osasun egoera onena lortzeko behar duen entrenamendua eta elikadura baloratu, aztertu eta diseinatzea".

Baigene argazkia 2
Argazkia: utzita

Adin guztietako bezeroak

Beste gimnasio batzuetan ez bezala, ohiko bezeroen artean 35 eta 80 urte bitarteko pertsonak daude, baina baita 90 urtetik gorakoren bat ere.

Arrazoia argia da: 40 urtetik aurrera, muskulu masaren galera progresiboa hasten da (urtean %1 eta %5 artekoa), eta galera horrek, estetikari ez ezik, osasunari  batez ere eragiten dio. Gihar gutxiago izateak glukosa kontrolatzeko zailtasun handiagoa izatea dakar. Horrez gain, 2. motako diabetesa, hipertentsioa edo arazo kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoa dago.

“Oinez ibiltzeko gomendio herrikoiaren aurrean, gogora ezazu osasun metabolikoa eta funtzionala epe luzera mantentzeko benetan eraginkorra indar lana dela"

Horregatik, Celorriok azpimarratu du indar ariketa "mediku errezetatzat" hartu behar dela. “Oinez ibiltzeko gomendio herrikoiaren aurrean, gogora ezazu indar lana dela osasun metabolikoa eta funtzionala epe luzera mantentzeko benetan eraginkorra dena”, dio Celorriok. Hori da, hain zuzen ere, Baigene metodologiaren muina. Gainera, muturreko pertsonalizazioari esker, astean 30 minutuko saioak egitea nahikoa da emaitza esanguratsuak lortzeko. Faktore hori oso erakargarria da denbora gutxi duten pertsonentzat.

Euskal Herritik mundura

Gaur egun, Baigenek hiru zentro ditu: bi Araban, Gasteizen eta Miñaoko Parke Teknologikoan, eta Bizkaian bat, Zamudioko Parke Teknologikoan. Celorriok nabarmendu du ahoz ahokoa funtsezkoa izan dela hazteko. Izan ere, bezero asko iritsi dira metodologiaren onurak lehen pertsonan egiaztatu dituzten ezagunek gomendatuta. Errendimendua hobetu nahi duten kirolari profesionalei ere arreta ematen dieten arren, erabiltzaile gehienak osasun eta prebentzio arrazoiengatik joaten dira.

Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, Baigene sendotze eta hedatze prozesu batean dago. "Gure zentroek nola funtzionatzen duten jakiteko informazio erreala biltzen ari gara, hurrengo urratsak erabakitzeko. Asmoa da Baigene gimnasioa ahalik eta gehien irekitzea, Euskal Herrian, Espainian, Europan eta baita Estatu Batuetan ere", aurreratu du Celorriok.

Gaur egun, Baigenek hiru zentro ditu: bi Araban, Gasteizen eta Miñaoko Parke Teknologikoan eta Bizkaian bat, Zamudioko Parke Teknologikoan

Bere ikuspegia argia da: etorkizuneko gimnasioak ez dira makina gela soilak izango, zientzian oinarritutako osasun espazio pertsonalizatuak baizik. Indar entrenamendua eta nutrizioa organismo bakoitzaren berezitasunera egokitzen diren zentroak, alegia. Baigene gimnasioen ereduarekin ikusi daiteke genetika ez dela laborategiko tresna bat soilik. Eguneroko bizitza hobetzeko gai den baliabidea ere izan daiteke.