BasKeep euskal enpresak eta inbertitzaileak konektatzeko aplikazio bihurtu da

Enpresa sarea bultzatu eta enpresen negozioak etorkizunera begira sendotu nahi ditu

Baskeep aplikazioa | Argazkia: Spri Baskeep aplikazioa | Argazkia: Spri

SPRI enpresen garapenerako euskal agentziak hobetu egin du euskal industria enpresei ematen dien zerbitzua eta BasKeep plataforma are gehiago garatu du. Hala, sei hilabete martxan egon ondoren, zerbitzuak zabaldu eta euskal enpresak eta inbertitzaileak konektatzeko aplikazio bihurtu da.

Aplikazioak 30 enpresa eta 60 inbertitzaile baino gehiago ditu erregistratuta, eta helburu nagusitzat dauka Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa sarea bultzatzea eta enpresen negozioak etorkizunera begira sendotzea.

Mota guztietako enpresak erregistra daitezke aplikazioan: negozioa sendotu nahi dutenak, tamaina handitu edo etorkizuneko jasangarritasuna hobetu nahi dutenak, belaunaldi aldaketarekin laguntza behar dutenak, edota zailtasun ekonomikoak dituztenak. Helburua, Erkidegoko enpresen ekosisteman sartu nahi duten inbertitzaileek, behar dutena erraz eta azkar aurkitzea da.. Hala, BasKeep aplikazioari esker, enpresek bazkideak aurkitu ahal izango dituzte beren negozio planak abiatzen laguntzeko eta, aldi berean, inbertitzaileek aukera izango dute euren interesekin bat datozen inbertsio aukera berriak aurkitzeko.

Halaber, BasKeep espazio seguru eta konfidentziala izango da inbertitzaileentzat, eta bertan lortu ahalko dute inbertitzaile bila dabiltzan enpresa guztiei buruz BasKeepeko aditu taldeak berretsitako egiazko informazio kontrastatua.

Aplikazioa zabalik dago era guztietako inbertitzaileentzat: banakakoentzat, instituzionalentzat, enpresa industrialentzat, 'family office' direlakoentzat, edo inbertsio funtsentzat, bai eta Euskadin inbertitu nahi duten tokiko, Espainiako Estatuko zein nazioarteko inbertitzaileentzat ere. Behar duten informazioa lortzeko, inbertitzaileek aplikazioan txertatu behar dituzte gehien interesatzen zaizkien inbertsio eremuak, eta berehala lortuko dute informazioa.

BasKeep proiektu pilotu gisa abiatu zen 2022ko hasieran, eta oraindik bide laburra egin duen arren, erregistratuta ditu dagoeneko 60 inbertitzaile eta industria arloko 30 enpresa baino gehiago. Funtsean, plataformako inbertitzaileek 20 informazio eskaera baino gehiago egin dituzte dagoeneko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK