Basque Culinary Centerrek zentro berri bat eraikiko du Gasteizen

EDA Drinks & Wine Campusaren egoitza izango da. Guardian ere eraikiko dute beste zentro bat

Maider Etxeberria Gasteizko alkatea eta Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusia | Argazkia: Europa Press Maider Etxeberria Gasteizko alkatea eta Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusia | Argazkia: Europa Press

Gasteizko Udalak eta Basque Culinary Centerrek (BCC) akordioa sinatu dute gaur EDA Drinks & Wine Campus zentroa Arabako hiriburuan eraikitzeko. 8.600 metroko lursailean eraikiko da “nazioarteko erreferentzia zentroa” bilakatu nahi duen proiektua, hiriko Euskatzaindia plazan.

Maider Etxeberria Gasteizko alkateak eta Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusiak izenpetu dute gaur akordioa. Hala, udalak proiektua aurrera ateratzeko beharrezko tramiteak egiteko konpromisoa hartu du, eta BCCk ez dio inolako kostu ekonomikori aurre egin beharko. Halaber, Gasteizko udala EDA proiektuaren fundazioko patronatukide bilakatuko da.

Aizegak azaldu duenez, “urrats oso garrantzitsua” izan da gaurkoa hirian edari eta ardo sektorean erreferentziazko zentroa sortzeko. Gasteizko eraikinaz gain, Guardian ere beste zentro bat izango du EDA Drinks & Wine proiektuak.

Bi egoitzak diseinatzeko proiektuak aurkezteko epea datorren otsailaren 15ean amaituko da. Epaimahai batek hiru finalista hautatuko ditu, eta irabazlea maiatzean aukeratuko dute. Hortaz, eraikuntza lanak 2025ean hastea aurreikusten dute.

Gasteizko alkateak hiriarentzat “motor ekonomikoa” izango dela adierazi du, talentua erakarri eta enplegua sortuko duela nabarmenduz. “EDAk nazioarteko mapan ezarriko du Gasteiz, eta prestigio handiko proiektuak garatzeko espazio erakargarria izango dugu”, gehitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK