Toribio Echevarria Sariak-Ekintzailetza Berritzailearen Euskadi Sarien 36. edizioko irabazleak jakinarazi ditu. BATTIA Recycling Technologies eta Inspectrail enpresak saritu dira. BATTIA, ibilgailu elektrikoen baterietatik lehengai kritikoak modu seguru, eraginkor eta jasangarrian berreskuratzeko duen teknologiagatik saritu dute eta Inspectrail, trenbide-azpiegituren digitalizaziorako eta ikuskapen adimendunagatik. Lehena, Start-up eta Enpresa Proiektuen kategorian saritu da eta bigarrena, Enpresa Berritzailearen kategorian. 12.000 euro jaso du bakoitzak eta laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoring- eta prestakuntza-programetarako sarbidea eskaini zaie.
BATTIA Recycling Technologies-ek "Eibarko Enpresa Saria – Made in Eibar" aitortza jaso du ere: 12.000 euro eta 10.000 euroko bonu teknologiko bat, horri esker, produktuak, prototipoak eta patenteak garatu ditzakete.
Trust Eibarres enpresari "Iñaki Goenaga" errekonozimenduarekin saritu zaio. Mendeurrena ospatzen ari den enpresa honek izan duen ibilbide arrakastatsuagatik saritu zaio eta Made In Eibar enpresa baten balioak ordezkatzeagatik.
Sari banaketan Jon Iraola Eibarko alkateak, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Ane Miren de Ariño Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotzeko zuzendariak parte hartu dute.
Toribio Echevarria Sarien aurtengo edizioak 44 hautagaitza jaso ditu, sektore estrategikoetan lan egiten duten enpresa eta proiektuetatik. Besteak beste, Bio/Osasuna, IA Teknologia, Industria eta Jasangarritasuna, Teknologia Berriak, Sports Tech eta Trantsizio Ekologikoa. Ekintzailetzan eta enpresa-garapenean esperientzia handia duten pertsonez osatutako epaimahai batek 13 proiektu finalista aukeratu ditu eta horietatik sarituak aukeratu dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta