
Batz S.Koop Igorreko (Bizkaia) industria enpresak 1963. urteaz geroztik soluzio berritzaileak eskaintzen dizkie automobilgintzako fabrikatzaileei; ezagutza eta teknologian oinarrituta, trokelak diseinatzen dituzte, eta material aurreratuekin egiten dute lan. Pieza eta produktuen diseinuaz haratago, zerbitzu integrala eskaintzen die bezeroei Arratiako kooperatibak, produkzioaz ere arduratzen baitira.
Haien bezeroa den Volvo konpainiak trokel bat ekoizteko eskaera egin zien unean, ordea, Xaber Ozerinjauregi buru duen enpresa kontaktuan jarri zen Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiarekin, ekoizpen prozesuan arazoak zirela medio. Gorka Goikoetxeak eta Eneko Iriondok, Arratiako Zulaibar lanbide ikastegiko TKgune lantaldeko kideek, positiboki baloratzen dute egun enpresaren eta ikastegiaren arteko elkarlana, baita, TKgune programaren bitartez, Volvoren erronkaren gisakoei erantzun partekatua eman ahal izatea.
TKguneren baitan, enpresa txiki nahiz ertainentzat berrikuntza aplikatuko proiektu ugari egiten dira, Lanbide Heziketako irakasleek, enpresekin lankidetzan, proiektu zientifiko nahiz teknologikoak garatzen dituztelarik. 49 ikastetxek parte hartzen dute sarean, eta horietako bat da Arratiako hezkuntza zentroa.
Bi hilabete pasatxoko lana
Volvok eskatutako trokelaren ekoizpenean arazoa suertatu zen: apurtu egiten zen piezaren barruan kokatu behar zen altzairu tenplatuz eginiko pieza bat. Arazoari irtenbidea emateko helburuarekin, kooperatiba Zulaibarrekoekin jarri zen harremanetan: “Material edo diseinu aldaketa eginda arazoa nola konpon zitekeen galdetu ziguten” dio Iriondok, “eta gure medioak zein ziren begiratu genuen, bai diseinuaren aldetik, bai ekoizpenaren aldetik”.
Bi hilabete pasa ziren, TKgune programaren bidez lehenengo dei hori egin zenetik, behin betiko konponbidea aurkitu zuten arte. Zenbait material, diseinu eta produkzio proba egin behar izan zituzten prototipoa guztiz osatu arte. Kostua gehiegizkoa zen hasieran, eta Volvok ez zuen soluzioa onartu.
Resina epoxi izeneko plastiko termoegonkorra erabilita lortu zuten, azkenean, trokeleko pieza guztiak ondo ipintzea. TKguneko lankideen esanetan, resina epoxi materiala “nahiko exotikoa” da, “orain arte mekanizatu ez genuena”, eta proiektuari esker kontzeptu berri asko barneratzeko aukera izan zuten, ikasleek ez ezik, baita irakasleek ere. Hain zuzen ere, trokelak altzairuzkoak izaten diren heinean, ez da ohikoa plastikozko osagaiak aurkitzea.
Xaber Ozerinjauregi: “Soluzio desberdina eman diogu erronkari, osagai arinagoa erabilita; gainera, kostuari dagokionez lehiakorra da”
Emaitzarekin gustura geratu dira Batz kooperatiba eta Zulaibar zentroa: “Soluzio desberdina eman diogu erronkari, osagai arinagoa erabilita; gainera, kostuari dagokionez lehiakorra da” azaldu du Ozerinjauregik. Orain, trokel bereziak beste bezero batzuei eskaintzeko prozesua hasi berri du Batzek.

Hezkuntza eta industria elkarlanean
Volvok aurkeztutako erronkari soluzioa bilatzen hasi baino lehen, hartu-eman handia izan dute historian zehar Batzek eta Zulaibarrek. Biak ala biak Arratian sortu ziren, 1950-1960 urteen bitartean. Garai hartan, Arratian baserritarrak eta lehen sektorea gailentzen ziren, industrializazioa oraindik ere ez baitzen garatu.
Zulaibar sortu zen lehenik, zeinari eskerrak ikasleak industria alorrean espezializatzen hasi ziren. Baina, Arratian industria ez zegoenez garatuta, gazteak inguruko herrietara alde egiten hasi ziren lan bila, eta, ondorioz, atzerrira joan ziren bizitzera. Herri izaera mantendu nahian sortu zen Batz kooperatiba, “bertan lan egiteko, eta bertakoek bertan bizitzeko aukera edukitzeko enpresa”, azaldu du Ozerinjauregik.
Bi erakundeen arteko harremana sendoa izan da urteetan zehar. Enpresak behar izan duen eskulanean lagundu izan dute Lanbide Heziketako ikasleek, eta, hala, azken horiek enpresen errealitatea zein den ezagutzeko parada izan dute.
Gorka Goikoetxea: "Horrelako erronkei esker transferentzia egiten zaie ikasleei, gelan garatzen diren kontzeptuak barneratzen dituztelako"
Izan ere, Goikoetxearen ustetan, "horrelako erronkei esker transferentzia egiten zaie ikasleei, gelan garatzen diren kontzeptuak barneratzen dituztelako", hala nola, jasangarritasuna, automatizazioa, datuen kudeaketa… Gazteei ahalbidetzen zaie, besteak beste, industrian epeak betetzeak duen garrantzia ezagutzea eta errealitatean sortzen diren urgentziak zein existitzen diren beharrak zeintzuk diren jakitea. Batzeko arduradunak azaldu du “oso interesgarria” dela, bai enpresarentzat, bai gazteentzat, elkar ezagutzea eta elkarrekin lankidetzan aritzea, bazkidetza eta enplegu kooperatiba sortzeaz gain, belaunaldi erreleboari aurre egiteko tresna ere badelako.
Industria kooperatibak 62 urte ditu, hazten ari den enpresa da, eta jendea jubilatzen den heinean langile berriak behar ditu eskulana garatzeko; Ozerinjauregiren ustez, horretarako oso egokiak dira Lanbide Heziketako profilak. Etorkizunera begira, enpresak aurreikusten du egun hainbeste lantzen ez diren alorrak garatzeko pertsonak beharko direla, esaterako, datuen azterketaren esparruan, zeina beharrezkoa den plantak gero eta eraginkorragoak eta jasangarriagoak egiteko.