BCCk 2025eko apirilean aurreikusten du GOe eraikinaren irekiera

Gaur jakinarazi dituzte Donostiako Gros auzoan sortuko den proiektu estrategikoaren zenbait xehetasun. Elikaduraren etorkizuneko erronka handiei erantzuna ematea izango du helburu

Argazkia: BCC Argazkia: BCC

GOe Gastronomy Open Ecosystem proiektuaren hainbat xehetasun aurkeztu ditu gaur Basque Culinary Centerrek (BCC). Donostiako Gros auzoan eraikiko da GOe eta 75 urterako lagapena onartu du horretarako hiriko udalak. “Zientzia eta jakintza oinarrituriko ekosistema gisa” sortu nahi dute egitasmo berria, eta BCCren arabera, “elikaduraren etorkizuneko erronka handiei erantzutera eta horiek betetzera” bideratuko da.

Gaurko ekitaldian, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak, Basque Culinary bera martxan jartzea erronka handia izan zela gogorarazi du, eta era berean, euren jarduerak ia 33 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan duela nabarmendu nahi izan du. Hala, “berritzen jarraitu beharrak eraginda”, abiatu dute GOe, helburua nazioartean “Donostiak gastronomiaren alorreko erreferentzia gisa duen pisua sendotzea” izanik.

Bjarke Ingels arkitektoaren BIG estudioko proiektu irabazlea izango da Gros auzoan altxako den eraikina. BCCk azaldu duenez, 22 txosten tekniko kudeatu ditu Donostiako Udaleko, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako sailetan, eta “zorrotz” bete ditu baldintza administratibo eta tekniko guztiak.

Asier Alea BCCko garapen orokorreko zuzendariak espazio hauek sektoreko eragileak elkartzeko giro aproposa sortu behar duela adierazi du: “ekintzaileak, ikertzaileak, enpresak, ikasleak eta herritarrak izango dira GOeko biztanle nagusiak, eta bizikidetza horretatik aterako dira etorkizuneko gastronomiari erantzungo dioten teknologiak”.

BCC Innovation zentroko Begoña Rodriguez zuzendaria ere izan da gaurko agerraldian, eta GOe espazioan jorratuko diren proiektuetan onuradunak parte hartzaileak izango direla azpimarratu du. Gainera, arlo askotariko proiektuak egingo direla azaldu du, hala nola, osasuna, jasangarritasuna, digitalizazioa edota produktu berriak.

Eraikinaren lanak aurtengo azaroan hastea espero du BCCk. 2025eko apirilera arte iraungo dute lanek, eta behin amaituta hasiko da GOeren jarduera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK