BCCk jatetxe gastronomikoen inkubagailuaren bigarren edizioa egingo du

Proposamenak aurkezteko epea datorren astelehenean, uztailaren 31an, amaituko da. Gastronomia munduko proiektu berritzaileak sustatzea du helburu inkubagailuak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Basque Culinary Centerren (BCC) Culinary Action! ekintzailetza sustatzeko egitasmoak EAEko jatetxe gastronomikoen Inkubagailuaren bigarren ediziorako izen-ematea zabalik da. Jatetxe gastronomikoen belaunaldi berriak bideratzea du xede inkubagailuak, eta berrikuntza, kalitatea eta plangintza ikuspegitik bereizgarriak izanez gero, proiektuak bultzatzen lagunduko du.

Bigarren edizio honetako proposamenak aurkezteko epea datorren astelehenean, uztailaren 31an amaituko da. Aurkeztutako proposamen guztien artean hamar aukeratuko dira, eta inkubazio-prozesua BCCko LABe-Digital Gastronomy Lab, berrikuntza gastronomiko irekirako Living Lab eremuan egingo da. Bederatzi astez (2023ko irailetik azarora) sukaldaritza sektoreko adituek astero aholkularitza lanak eskainiko dituzte eta prestakuntza jasoko dute zenbait esparrutan, hala nola, marketinean eta salmenta arloan nahiz finantza eta kudeaketan.

Aurten ere, iaz bezala, bi irabazle hautatuko dira hamar hautagaien artean. Azaroaren 23an BCC sareko inbertsore eta korporazioen aurrean proiektu bakoitzaren balio-proposamena aurkeztuko dute hautagaiek eta bertatik hautatuko dira proiektu aurreratuena eta berritzaileena.

Iazko edizioan, Carlos Jordan Lasherasen Soto del Prior proposamen gastronomikoa eta Andoni, Julen eta Xabi Perez Cuadrado anaien Kiska proiektua izan ziren proposamen aurreratu eta berritzaileen artean hautatuak. José Ignacio Apostegui de la Torreren My Private Chef,  Ignacio Aguirreren  Vardul Gastrobeer, Pablo Odriozolaren Muy Top proposamena, Itoiz Urretaren Bihurri (Cocina miniatura), eta David Estévez eta David Martínen Kalejira Gastroteka ere nabarmendu ziren beste proiektuen artean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK