• BERRIKUNTZA
  • Industrian berrikuntza sustatzeko deialdia ireki du Spri taldeak

Industrian berrikuntza sustatzeko deialdia ireki du Spri taldeak

2020. urteaz geroztik, 400 proiektu baino gehiago finantzatu ditu BDIH Konexioa programak

20.000 euro arte jaso ahal izango ditu proiektu bakoitzak | Argazkia: Spri Taldea
20.000 euro arte jaso ahal izango ditu proiektu bakoitzak | Argazkia: Spri Taldea
2025eko abuztuaren 26a - 10:34

Spri taldeak 950.000 euroko deialdia ireki berri du gaur, zeinak helburu duen industrian berrikuntza proiektuak sustatzea. Urriaren 15era arte indarrean egongo den BDIH Konexioa programari esker, enpresek azpiegitura, teknologia eta aholkularitza espezializatua izango dute irtenbide digital eta jasangarriak probatu eta baliozkotzeko.

 

Konpainia bakoitzak 20.000 euro arte jaso ahal izango ditu, proiektuaren gastuen %80rainoko estaldurarekin. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren arabera, “teknologiaren bidez EAEko enpresen lehiakortasuna handitzea da xedea, haien produktuak eta ekoizpen-prozesuak hobetzeko”. 2020an martxan jarri zenetik, 400 proiektu baino gehiago finantzatu ditu ekimenak, eta berrikuntzarako “funtsezko tresna” gisa finkatu da.

Aurtengo edizioak berrikuntza bat dakar: Adimen Artifiziala (AA) industria-inguruneetan aplikatzen duten ekimenak babestuko dira. Horrekin, prozesuak optimizatzeko, erabakiak automatizatzeko eta datuak aprobetxatzeko bide berriak ireki nahi dira, ekoizpen-ereduak eraldatzeko. Material aurreratuen, makina adimendunen, fabrikazio aditiboaren eta zibersegurtasunaren arloko proiektuek ere protagonismoa izaten jarraituko dute, ordea.

 

Zortzi nodo teknologiko ditu BDIHk, eta, haiei esker, enpresek soluzioak probatu ditzakete haietan inbertitu aurretik. Sprik aipatutako kasu arrakastatsuenen artean daude HRE Hidraulic eta Waixo.