Abuztuan izaten dira egutegiko jairik gehienak. Bi urteko murrizketen ondoren, aurten normaltasunera itzuli dira, eta 2020 baino lehen disfrutatu moduan goza daitezke orain ere. Eta ez da aldatu festa giroan emakume izateak dakarren segurtasunik eza ere. Azken asteetan salaketa asko izan dira jaietan emakumeei egindako ziztaden inguruan. Ondorioz, etxetik lasai atera eta lasai itzultzeko, teknologiaren laguntzarekin, seguruago egoteko hainbat tresna aurkituko ditugu.
Guztiok daramagu gurekin smartphone bat, hainbat aplikazio, GPS antena eta Interneteko konexioa dituena; beraz, festara atera aurretik, koadrilako lagunekin elkartzea komeni da, beti lokalizatzeko moduan egoteko. Horretarako, hainbat aukera daude; horietako batzuk lehenetsita datoz smartphone berean, hala nola Find My aplikazioa iOSen. Aplikazio horretan, Appleren gailuak dituzten kontaktuak gehitu daitezke, interfaze erraz baten bidez, zure lagunak non dauden uneoro jakin ahal izateko. Aukera hori edozein unetan aktiba zein desaktiba daiteke; beraz, pribatutasuna uneoro bermatuta legoke. Androiden gailuak dituzten lagun-taldeentzat, berriz, WhatsAppen bidez kokapena denbora errealean partekatzea izan liteke aukera bat. Aukera hori ona litzateke, iOSen ere.
“Emakumeak etxetik lasai atera eta lasai itzultzeko, hainbat tresna teknologikok laguntza eskain dezakete”
Gure lagunekiko kokapena partekatzea baino funtzio gehiago nahi baditugu, App Sister beste aukeretako bat izan liteke. Aplikazio hori emakumeentzat diseinatuta dago eta, kokapena partekatzeaz gain, beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu emakumeei etxera modu seguruan itzultzen laguntzeko: itzultzeko ibilbide seguruak, ohartarazpen alarma bat aktibatzeko aukera, laguntza eskatzeko aplikazioaren beste erabiltzaile batzuekin harremanetan jartzeko aukera, larrialdi-zerbitzuetara zuzenean deitzekoa, eta, azkenik, mikrofonoak eta mugikorreko kamerak aktibatzen dituen modua, erasorik izanez gero frogak izateko.
“Hainbat aplikazio emakumeentzat diseinatuta daude eta, kokapena partekatzeaz gain, beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu emakumeei etxera modu seguruan itzultzen laguntzeko”
Life 360 smartphone gehienek erabil dezaketen beste aplikazio bat da. Sisterrek ez bezala, Life 360 gehiago bideratzen da familia-ingurunera. Aplikazio horretan, familiakoak edo lagunak non dauden erakusten duen mapa dugu. Hitz egiteko txat bat du, eta kontaktuek igaro dituzten lekuak erakusten dituen historia ere bai. Aplikazioa diseinatuago dago festatik atera eta une oro non dauden jakin nahi duten adingabeko seme-alabak dituzten gurasoentzat.
Laguntza euskaldunak
Euskal Herrian ere sexu-erasoen gaitza desagerrarazteko aplikazio bat dugu: EraStop. Bilboko Udalak 2018an garatutako aplikazioa da, eta aurreko kasuetan aipatutako antzeko funtzioak ditu. Kasu horretan, aplikazioak botoi bat sakatzeko aukera ematen du, udaltzaingoari deitzeko. Bilboko Aste Nagusia hurbil dagoenez, oso tresna interesgarria izan liteke seguru egoteko.
Aukera horiez gain, badira hainbat ekimen sozial eta auzotar ere, festatik etxeratzean emakumeei beldurra kentzen laguntzeko. Laguntza eskatzeko edo eraso bat salatzeko ekimen horietako bat Amurrioko Otsemeak emakume gazteen taldeak aspalditik egindakoa da, Amurrioko jaietan erasoren bat izanez gero edo laguntza behar izanez gero, edozein unetan deitzeko telefono zenbakia baitute.
Teknologia guztiekin gertatzen den bezala, teknologia horiek ere badituzte bere alde positibo eta negatiboak, ez baitira erabili behar pertsonak miatzeko metodo gisa, inolako baimenik gabe. 20ko hamarkadan pentsaezina dirudi oraindik ere jai-giroko emakumeen segurtasun faltaz hitz egin behar izatea, baina errealitate horri ere aurre egin beharrean gara. Aipatutako teknologia berriek, gaitz hori gutxitzen lagun dezakete.