Berben eta erantzunen bila jokoan

Kultura, hitzak... Euskarazko online eta gailu bitartezko jolasak bere txokoa egin dute azken urteotan

Wordlelek gurutzegrama klasikoa eta urkatua nahasten ditu | Argazkia: EnpresaBIDEA Wordlelek gurutzegrama klasikoa eta urkatua nahasten ditu | Argazkia: EnpresaBIDEA

Nork ez du inoiz denbora-pasarik egin egunkari, aldizkari edo koadernotxo batean? Horrelako jokoek betidanik daramate gure artean. Horietako askok, asko lagundu diote kulturari, eta hiztegiko hitz berriak ikasteko tresna ezin hobea bihurtu dira. Internet eta online hedabideak iritsi ahala, gaurkotasuna smartphone beretan kontsultatzen dugu, eta beraz, horrelako edukiek gero eta garrantzi gutxiago dute. Hori dela eta, azken urteotan ikusten ari gara zenbait egunkari digitalek online denbora-pasen alde egiten dutela, non gure hizkuntzak, paper garrantzitzua duen. Euskaraz, hiru dira azken urteotan gure gailuetako denbora-pasa nagusi bilakatu direnak.

Egunean Behin

Irailean ekingo dio denboraldi berriari Code Syntaxek sorturiko joko ezagunak, oraindik data zehaztu ez badute ere. Euskal Herrian azken urteotan arrakasta handiena izan duen aplikazioetako bat 2019an merkaturatu zuen erakundeak. Egunean Behinek zure kontaktuen kontra jokatzea ahalbidetzen dizu, haiek baino puntu gehiago lortu eta sailkapena irabazteko. Joko honetan, egunean 10 galdera erantzun behar dira, Trivial estilokoak, eta erantzunen arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortuko dira. Pilatutako puntuekin sailkapen orokorra egiten da, baina lagun-taldeak ere egin daitezke, taldearen sailkapena ikusteko. Edizio bakoitzak, are aste bakoitzak, sari berriak ditu, eta arrakasta handizen doa urtez urte. Izan ere, azken edizioetan ETB1n telebistaz emandako finala izan da.

Wordle

Duela hilabete gutxi jaiotako jokoak erabat aldatu zuen online denbora-pasen mundua. Gurutzegrama klasikoa eta urkatua nahasten ditu, ezkutuko hitza asmatu behar baita aukera gutxitan. Bitxiena da egunean hitz bakarra dagoela asmatzeko eta gainerako jokalariek hitz bera dutela. Emaitza Twitter bezalako sare sozialetan partekatzeko aukerari esker, joko horrekiko interesa sortu zen eta lagun eta lankideen arteko lehia. Jatorrizko bertsioan izandako arrakasta ikusita, The New York Timesek formatu hori erosi zuen hazten ari zen unean bertan. Joko-formatu hori abiapuntu hartuta, gainera, Lingo moduko telebista-lehiaketak sortu dira ETB 2n. Joko hori hain ezaguna denez, gaur egun hizkuntza gehienetan aurki daiteke, tartean euskara. Jolas horri esker, askok hiztegia landu dezakete, ortografia errepasatu eta hitz berriak euskaraz ikasi.

Berbaxerka

Wordleren antzekoa da, Berbaxerkan ere hitzak asmatu behar baitira. Kasu honetan, baina, ez da bat asmatu behar, ematen zaizkizun letren arabera hitzik sortu ezean. Abaraska forma batean jasotako zazpi letra tartekatu behar dira, euskarazko hitzak sortuz, ahalik eta gehien lortu arte. Estatu Batuetan asmatutako jokoa, Katalanera —Paraulogic izenarekin— egokitu zen lehenik, eta ondoren, 2022ko urtarrilean, euskarara egokitu zuten Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak. Apirilean, berriz, Berriarekin akordioa sinatu, eta geroztik egunkaritik sartzen da jokora. Bestela esanda, Internetera konektatutako edozein gailutatik joka daiteke, ez baita aplikaziorik deskargatu behar. Emaitzak erraz parteka daitezke sare sozialetan, eta, beraz, lagunekin lehiatu daiteke jokoan hitz gehiago sortzeko.

Sare sozialei eta emaitzak partekatzeko aukerari esker, on line denbora-pasak arrakasta handia izaten ari dira. Pertsona askok beren eguneroko bizitzan sartu dituzte joko horiek, eta jolastu eta emaitzak partekatzeko komunitateak ere sortu dira. Horrelako jokoen bidez, gero eta jende gehiagok izan dezake euskaraz jolasteko interesa, eta, hartara, hizkuntza ikasi eta hobetu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK