
Kontsumitzaileak ohitu dira bi urtean behin edo gutxiagotan smartphonez aldatzen. 'Erabili eta bota' teknologiak ingurumen-arazo handiak eragin ditu, baina azken urteotan gero eta arrakasta handiagoa izaten ari da teknologia kontsumitzeko modu berri bat: berregokituriko gailuak.
Askorentzat oso garrantzitsua da gailu bat erosterakoan, atera den berriena izatea, lan-tresna delako edo besterik gabe, berriena izateko gogoagatik. Biztanleriaren beste sektore batentzat, ordea, kalitatearen eta prezioaren oreka bilatuko du, eta ez du atera berri den smartphone-a eduki behar. Horientzat, berregokitutako gailuak aukera handia izan daitezke.
Zer da produktu berregokitu bat?
Produktu berregokitua gailu mota bat da, egokitu ondoren salgai jartzen dena berriro ere. Izan daiteke erabili ondoren fabrikazio akats bat izan duena edo erakusteko erabili dena. Salgai jarri aurretik berregokitutako produktuak berrikusi, eta higatuta dauden osagaiak ordezkatzen dira. Dagoeneko erabili den smartphone bat saltzen denean, haren pantaila, bateria eta osagaiak aldatu eta berritzen dituzte, beraz, gailu berri bat edukitzea bezalakoa da. Dendaren eta gailuaren prezioaren arabera, bigarren produktuak kalitate hobea edo txarragoa izan dezake.
Badira hilabete batzuk zeinetan txipen krisia eragin larriak sortzen ari den industria teknologikoan. Smartphonen salmentak % 7 jaitsi dira Counterpointen datuen arabera. Askotan, markek ez diete erosleei gailu berririk ematen lehen egin bezala, eta horren ondorioz kontsumitzaile askok gailu berregokituen alde egin dute. Statistaren datuen arabera, 2024rako egokitutako 351 milioi mugikor saldu izana espero da. Birziklatutako gailuen salmentak lehen eskukoak baino hiru aldiz azkarrago hazten ari dira azken hilabeteetan.
Gero eta online denda gehiago ikusten dugu produktu berregokituak erosteko. Ezagunenetariko bat BackMarket da, baina dagoeneko Amazonen eta Applen dendan ere aurki ditzakegu bertan estreinatutako produktu teknologikoak. Baliteke gehien saltzen diren gailuak sagar hozkatuaren markakoak izatea: produktu berregokituak bilatuz gero, emaitza gehienak iPhonenak dira. Applek berak atal bat dauka bere dendan, non berriak baino askoz merkeagoak diren produktu berregokituak aurki daitezkeen. Gainera, guztiz bermatuta dago ordezkatutako osagaiak jatorrizkoak direla. Duela gutxi Applek etxetik gailu mugikorrak konpondu ahal izateko programa bat abiarazi du: ez da beharrezkoa izango zerbitzu teknikora jotzea pantaila edo bateria aldatzeko; norberaren etxetik egin ahal izango da, jasoko den kit batekin.
Statistaren datuen arabera, 2024rako egokitutako 351 milioi mugikor saldu izana espero da
Berregokitutako produktuen beste aukera da alokairu-teknologia. Grover da sektore honetako denda garrantzitsuenetarikoa. Pertsona askorentzat ez da beharrezkoa gailu bat erostea, eta nahikoa izan daiteke aldi baterako alokatzearekin. Esaterako, soilik bideoak edo argazkiak editatu behar dituen erabiltzaile batek nahikoa izan dezake ordenagailu on bat hilabetez alokatzearekin, ondoren gailua itzultzeko.
Urtean, teknologiak 50 milioi tona zabor baino gehiago sortzen ditu, Iberdrolaren datuen arabera. Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi du hondakin horiek gai direla milioika umeri osasun-arazoak sortzeko, batez ere gutxi garatutako herrialdeetan. Mugikor berregokituen industriak zabor teknologikoa nabarmen murrizten laguntzen du, askoz ere kontsumo-ohitura jasangarriagoa lortuz.
'Erabili eta bota' teknologia murrizteko neurri berriak
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Espainiako estatuak bi urtetik hiru urtera zabaldu ditu produktu teknologikoen bermeak, eta antzeko erabakiak hartu dituzte Europar Batasuneko beste herrialde batzuek, Suediak edo Portugale, esaterako. Neurri horrez gain, urte hasieratik, markek produktuentzako ordezko piezak eduki behar dituzte hamar urtez, produktu hori salgai jartzen denetik. Horrekin, Europar Batasunak teknologiak sortutako hondakinak murriztu nahi ditu, eta programatutako zaharkitzeari aurre egin.