• BERRIKUNTZA
  • Berrikuntza astearen baitan egingo den FOMOINN egitasmoa aurkeztu du Donostiak

Berrikuntza astearen baitan egingo den FOMOINN egitasmoa aurkeztu du Donostiak

Hiriko zenbait gaztek diseinatutako programazioa izango du, belaunaldi berrien talentua azaleratzeko asmoz

Argazkia: Donostia Sustapena
Argazkia: Donostia Sustapena
2025eko irailaren 12a - 11:20

2013az geroztik, udazkenean berrikuntzaren astea egin ohi da Donostian. Donostia Sustapena erakundeak bultzatuta, WeekINN izeneko astean berrikuntza eta zientziaren gaineko gaiak lantzen dituzte, esparruko ekosistema osoa bilduz. Hausnarketarako gunea eta eragileak elkar ezagutzeko parada izan da orain arteko 11 edizioetan, eta gauza bera egingo dute aurten, azaroaren 14tik 21era bitartean.

 

"Programazioa prestatzen" ari direla adierazi du gaur Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotziak. Gaurko prentsaurrekoan, berrikuntzaren astearen baitan egingo den FOMOINN egitasmoa aurkeztu du. "Jaialdiaren berrikuntzetako bat" izango da, eta helburu du talentu gaztea "agerian" jartzea. "WeekInn urtez urte indar handiagoa hartzen duen eta publiko guztietara hurbiltzea ahalbidetzen digun hitzordua da. Gure helburua txikienekin konektatzea da, bokazio berriak pizten lagunduz eta ondo pasaraziz, Donostia beren talentua gara dezaketen hiria dela egiazta dezaketen gazteengandik pasatuz, eta beren jakintza-jakin-mina ase eta prestatutako jarduerekin goza dezaketen helduekin amaituz, hori guztia hiriaren berrikuntzaren aldeko apustua indartuz”, adierazi du.

FOMOINN ekimenaren lehen edizioko programazioan hiru jarduera nabarmendu dituzte: tokiko musika banden lehiaketa bat, bideoklipen beste lehiaketa bat eta oilar borroka bat, rap inprobisatuaren lehiaketa izango dena.

 

FOMO ingelesezko fear of missing out kontzeptutik datorren hitza da, eta horretan oinarritu dira egitasmoaren antolatzaileak. Izan ere, esaera horrek zera esan nahi du: kanpoan geratzeko beldurra. Bada, ez galtzeko moduko egitasmoa antolatu nahi izan du Donostia Sustapenak. Hitzordua azaroaren 14 eta 15ean izango da hiriko Kursaal Jauregian.