
Norabidea2025 azterlana argitaratu du Barrixe Berrikuntzaren Behatokiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Merkataritza Ganberaren eskutik. Datuek diote Bizkaiko enpresen ia erdiak (%47,8) bere burua berritzailetzat jotzen duela. Zehazki, hamar enpresetatik seik aitortu dute azken lau urteetan “jarduera berritzaileren bat” egin izana.
Produktu eta zerbitzuen berrikuntzak izan dira gehien gora egin dutenak, %33ra iritsi baitira, 2023an %24koa zenean. Ikerketaren arabera, horrek erakusten du enpresek “apustu argia” egiten dutela balio erantsia eskaintzeko. Prozesuetako berrikuntzak ere %35,3tik %40,0ra igo dira, eta, ondorioz, enpresek gehien lantzen duten berrikuntza-mota izaten jarraitzen du. Hori bakarrik ez eta, hiru proiektu berritzaile edo gehiago egingo dituzten enpresen ehunekoa %11,2tik %16,2ra handitu da.
Datu horiek guztiek 2023an hasitako “egonkortze-joera” berresten dutela adierazi du behatokiak, eta, horrez gain, azpimarratu du aurreko urtearen aldean %6,7 hazi dela berrikuntza-jarduera.
Berrikuntza maila gero eta altuagoa izateaz gain, erabaki horiek sortutako onurak eta arrakastaren pertzepzioak ere baikorrak dira. Izan ere, azterlanean azaltzen da erakundeen %74,1ek uste dutela berritzeko erabakia arrakastatsua izan dela, eta soilik %10,3k adierazi du berrikuntzen eragina ez dela izan espero zuena.
Hala eta guztiz ere, badaude 2024an inolako jarduera berritzailerik egin ez duten konpainiak ere (%52.2), nahiz eta 2023an baino gutxiago izan (%58,9). Berrikuntza jarduerak ez praktikatzeko arrazoia zein den galdetzean, konpainien ia erdiak (%42,7) esan du merkatuaren dinamismoaren ondorioa dela. Aldi berean, gero eta gutxiago dira kostua berrikuntzarako oztopo gisa ikusten dutenak, 2022ko %23,7tik 2024ko %12,9 izatera igaro baitira.
Etorkizunari begira, aurreikuspenek diote berrikuntza jarduerak egin dituztenek berdin jarraituko dutela, edo, are gehiago, berritzaileagoak izango direla, batez ere produktuan, prozesuetan, banaketan eta logistikan.