Berrikuntza zentro berri bat zabaldu du Teknikerrek, Zeiss enpresa alemaniarraren laguntzarekin

Industriarako neurketa sistemak, kalibrazioa eta kalitate kontrolaren gaineko "zerbitzu aurreratuenak" izango dituela nabarmendu du euskal zentroak

ZEISS Quality Excellence Center-en inaurgurazio ekitaldia egin dute gaur Eibarren | Argazkia: Tekniker ZEISS Quality Excellence Center-en inaurgurazio ekitaldia egin dute gaur Eibarren | Argazkia: Tekniker

Zeiss enpresa alemaniarrak eta Teknikerrek berrikuntza zentro bat zabaldu dute Eibarren (Gipuzkoa). ZEISS Quality Excellence Center (QEC) izena izango du espazioak, eta euskal ikerketa zentroak azaldu duenez, ekoizpen sistemen neurketa, kalibrazioa, aholkularitza eta kalitate kontrolaren gaineko "zerbitzu aurreratuak" eskainiko ditu.

Espazioaren inaugurazio ekitaldia egin dute gaur Teknikerren metrologia laborategian. Bertan izan dira, besteak beste, Anita Sonnenfroh eta Juven Mollá Zeiss enpresako ordezkari gisa, Jon Mabe Teknikerreko merkatu zuzendaria eta Gorka Kortaberria industria metrologiako zuzendaria.

"Metrologian garatu dugun azken teknologia integratu dugu Teknikerren, industria prozesuetan ahalik eta zehaztasun eta fidagarritasun handiena bermatzeko asmoz. Neurketa esparruan dugun esperientzia eta Teknikerren espezializazio teknologikoa uztartuko ditugu, prozesuaren etapa bakoitzak kalitate estandar altuenak betetzen dituela ziurtatzeko", nabarmendu du Mollák.

Berrikuntza zentro berrian, zehaztasun handia eskatzen duten materialen neurketa konplexuak egiteko gai diren Zeiss-en lau ekipo instalatu dituzte. "Lankidetza honek Zeiss-en ekipo eta teknologietara sarbidea ematen digu gure gaitasunak zabaldu ahal izateko eta neurketa industrialerako soluzio osoagoak garatu eta ikertzeko", gehitu du Kortaberriak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK