Gipuzkoako Foru Aldundiak BerriTEK+ programaren 2026ko deialdia onartu du, berrikuntza teknologikoa sustatzeko helburuz, 2 milioi euroko aurrekontuarekin. Ekimen hau 2024-2027 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta haren ardatz nagusietako bat da lurraldeko ekonomia lehiakorrago eta berritzaileago baten alde egitea, bereziki enpresen eraldaketa teknologikoa sustatuz.
Programak industria arloko enpresa txiki eta ertainei jarri nahi die arreta, teknologia berriak garatzerakoan eta ezartzerakoan dituzten zailtasunei erantzuteko. Bereziki, prototipoetatik benetako aplikaziora igarotzeko fasean sortzen diren oztopoak gainditzen laguntzea du helburu, hala nola, finantzaketa, baliozkotzea edo merkaturatzea. Testuinguru horretan, oraindik ekoizpen edo merkatu inguruneetan erabat integratu ez diren teknologien ezarpena sustatuko du.
Laguntzak “produktu edo prozesu berriak edo nabarmen hobetuak garatzen dituzten proiektuetara” bideratuko dira. Helburua da berrikuntza praktikoa bultzatzea, enpresen posizionamendua sendotuz eta eraginkortasuna handituz, merkatuaren eskakizunei erantzuteko gai diren soluzio berriak garatzeko. Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko diputatuak nabarmendu duenez, “berrikuntza teknologikoa lehiakortasunerako oinarri-oinarrizko faktorea da gaur egun gure enpresentzat”.
BerriTEK+ programak bi jarduera ildo nagusi izango ditu: batetik, produktu eta zerbitzu berriak garatzera bideratutako lerroa; bestetik, prozesuetan teknologia aurreratuak ezartzera zuzendutakoa. Gainera, jarduketa mota desberdinak aurreikusten dira, teknologien baliozkotzea eta erakustea ahalbidetzeko, bai eta enpresentzat estrategia teknologikoak definitzeko ere. Ekimen berriak aurretik zeuden bi laguntza lerro bateratzen ditu, “politika publikoen koherentzia eta eraginkortasuna indartzeko asmoz”.