
Bideojokoek umeen joko izateari utzi diote, eta urtero milioika euro mugitzen dituen industria bihurtu da. Ameriketako Estatu Batuetan, bideojokoen industriak zinemaren eta kirolaren industriek elkarrekin fakturatzen dutena baino gehiago fakturatzen du gaur egun. 2021ean bideojokoen industriak 1.795 milioi euro sortu zituen Espainiako estatuan, AEVIren datuen arabera, aurreko urtean baino % 2,75 gehiago. Espainian zein Frantzian, jokalariak astean 8,1 orduz aritzen dira jokoan. Datu hori Erresuma Batukoa edo Alemaniakoa baino baxuagoa da, bi horietan 10,6 ordu eta 9,2 orduz aritzen baitira astean, hurrenez hurren. Edozein kasutan, bideojokoen industria etengabe hazten ari da. Are gehiago, eSportak garrantzi handia hartzen ari dira azken urteetan.
Euskal Herrian, Bilbon hain zuzen ere, DigiPen Institute of Technology dago, munduko bideojokoen lehen unibertsitate-gradua eskaintzen duena. DigiPen1998an jaio zen AEBetan, eta 2011n iritsi zen Bizkaiko hiriburura, Zorrotzaurrera hain zuzen ere, han baitago campusa. Bere lorpena, besteak beste: ikasleek sortutako bideojokoek ia 6 milioi deskarga dituzte, eta baten batek sari ospetsuak lortu ditu, The Game Awards izenekoa kasu.
Game Erauntsia aitzindari
Bideojoko gehienak hiztun gehien duten hizkuntzetan daude eskuragarri: ingelesez, gaztelaniaz, japonieraz... Baina badira euskarazkoak ere, eta presentzia geroz eta handiagoa da. Aldiz, 2014an hutsune galanta zegoen, eta hori betetzeko beharrarekin sortu zen Game Erauntsia, ez baitzegoen ez komunitaterik, ezbideojokoak euskarara itzultzen zituen inor. Game Erauntsiako kide Lander Unzuetak dioenez, 2016. urteaz geroztik, elkarte ofiziala da. Gaur egun, eskoletan eta ekitaldietan tailerrak egiten aritzen dira, eta Elhuyarrekin batera, bideojokoetan erabilitako terminoen hiztegi bat egiten ari dira. Horrez gain, blog, irratsaio eta euskarazko Twitch kanala ere badute, bideojokoekin lotutako albisteak errepasatzeko, eta sortzen ari diren komunitatearekin jolasteko.
Game Erauntsiatik egiten duten lan bitxienetariko bat da bideojokoak euskaratzea. Bideojoko batzuk, batez ere euskal garatzaileek egindakoak, euskaraz izan daitezke. Bestela, itzultzeko bi modu daude: lehenengoa, garatzaileekin elkarlanean arituta, eta bigarrena itzulpenak modu independentean eginda. Gaur egun, Among Us, Super Mario 64 edo The Legend of Zelda bezalako joko ezagunak euskaraz ikus ditzazkegu Game Erauntsiaren webgunean. Lander Unzuetak adierazi du azken urteotan euskal eta euskarazko bideojokoen industrian "hazkunde handia ikusten ari" dela, baina oraindik Xbox, PlayStation edo Switch bezalako plataformetara "modu masiboan iristea falta" dela. Bideo-joko makinetan euskaraz aurki ditzakegun bideojokoak titulu txikiak dira, Game Erauntsiak azaldu duen bezala. Elkarte honek jasotzen dituen laguntzen zati handi bat erakunde publikoetatik dator, Eusko Jaurlaritzako HIzkuntza Politikako Sailburuordetzatik, besteak beste.
Game Erauntsiak bideojoak itzultzeko bi modu daude: lehenengoa, garatzaileekin elkarlanean arituta, eta bigarrena itzulpenak modu independentean eginda
Twitch izan da azken urteotan gehien hazi den streaming bidezko sare sozialetako bat. Zuzeneko emanaldiak egiteko aukera duen sare sozial hori, bideo-joko zale askoren tresna bihurtu da partidak partekatzeko. Gero eta gehiago dira bideo-jokoen emanaldiak euskaraz egiten dituzten jokalariak, esaterako, Andromeda2030, ArruarteGamer3 eta KafearenSemea. Lander Unzuetak dio "zaila" dela gazteenengana iristea mundu globalizatu honetan, non ingelesa eta gaztelania nagusi diren bideojokoen munduan, baina aipatutako eduki sortzaileei eta beste batzuei esker, gero eta gehiago direla euskaraz jolasteko aukera hobesten dutenak.
Euskal bideojokoen eta euskarazko bideojokoen etorkizuna, etorkizun handikoa dela dirudi. Hazkunde betean dagoen industrian aitzindari izanda pentsa liteke etorkizunean gero eta bideojoko gehiago ikusiko ditugula euskaraz, eta zergatik ez, baita sagen izenburu garrantzitsuak ere, The Legend of Zelda, Fortnite edo Call of Duty plataforma garrantzitsuenetan, esaterako.