
Bikoizketa automatikoko plataforma bat sortu du Elhuyarrek, ikus-entzunezko edukiak beste hizkuntza batera automatikoki bikoizteko aukera emango duena. “Edukia igo, helburuko hizkuntzara itzuli eta bikoizteko aukerari klik egitea nahikoa izango da”, argitu du Elhuyarrek ohar bidez.
Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma da, eta ahotsak imitatzeko aukera eskainiko du. Bikoizketak sei hizkuntzatan egin ahal izango dira: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, galegoa eta katalana.
Elhuyarrek azaldu duenez, helburu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzea, eta horren erantzuna izan da plataforma berri hori. Teknologia hori garatzeko Orai NLP adimen artifizialeko zentroaren laguntza izan du konpainiak.
Bikoizketa egiteko aukera horiek guztiak Aditun izango dira. Plataforma horretan bildu dituzte Elhuyarrek garatutako hizketaren eta ahotsaren teknologia guztiak. Hala, azpitituluak sortzeko plataforma izatetik bikoizketa automatikoa eskaintzera igaroko da Aditu.
“Aditu gero eta eremu gehiagotan erabil daitekeen plataforma da: ikus-entzunezkoen produkzioan, edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio-aukera berriak sortzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko…”, azaldu dute Elhuyarretik.