• BERRIKUNTZA
  • Bilboko zerbitzu aurreratuen ekosistema indartzen gobernantzaren bitartez

Bilboko zerbitzu aurreratuen ekosistema indartzen gobernantzaren bitartez

Bilbao Next Lab proiektuan landutakoak ahalbidetu du besteak beste hiri laborategi bat abiatzeko prozesua sortzea edota zerbitzu aurreratuko enpresen katalogoa garatzea

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko abuztuaren 17a - 05:30
Eg. 2026ko abuztuaren 17a - 08:24

Lankidetza publiko-pribatua ezinbestekotzat jotzen da geroz eta toki gehiagotan. Baina sarri elkarlanean aritzea ez da boteprontoan gertatzen, are gutxiago lankidetzazko gobernantza lortu nahi denean. Bilbao Ekintzak sustatu duen Bilbao Next Laben (BNL) Bilbao Zerbitzu Aurreratuak proiektuaren oinarrian izan da lan egiteko modu hori, Bilbo zerbitzu aurreratuen hiri bezala aurrerapausoak ematen joateko.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zerbitzu aurreratuak beste enpresa batzuei euren ekoizpen- eta merkataritza-prozesuetan txertatzeko zerbitzuak eskaintzen dizkieten enpresak dira, besteak beste, aholkularitza estrategikoko enpresak, ingeniaritzak, I+G zerbitzuak, marketinekoak edo informatikakoak. "Kontua da zerbitzu aurreratu horiek erronka oso konplexuak dituztela, eta eragileekin elkarrekin politika egiteko modu berria sortu behar dela horiei erantzuteko. Hori da lankidetzazko gobernantza: erronka horiei politika partekatu bitartez heltzeko espazio partekatuak sortzea", adierazi du Miren Estensoro Orkestrako ikertzaile seniorrak

Marije del Blanco (Bilbao Ekintza): "Guretzat oso garrantzitsua zen udaletxeko Ekonomia Sustapen alorra gurekin izatea"

Zehazki, lau dira identifikatutako erronkak: industriaren eta zerbitzu aurreratuen arteko lotura, enpleguaren doikuntza, zerbitzu aurreratuen irtenbideak testatzeko hiria laborategi moduan erabiltzea —Bilbo Hiri laborategia— eta Zorrotzaurreko Berrikuntzako Hiri Barrutia zerbitzu aurreratuen hub gisa garatzea. "Bakoitzari erritmo desberdinetan erantzuten ari gara. Enpleguarena aurreratuago dago. Iaz 23 tailer egin ziren; Zorrotzaurreko Berrikuntzako Hiri Barrutia motelago hazten ari da, enpresak ezin direlako bertara azkarrago joan", adierazi du Marije del Blanco Bilbao Ekintzako Hiriko Ekonomia Arloko zuzendariak. "Bakoitzak bere erritmoa badarama ere, bada nola partekatu bat", gehitu du Estensorok.

 

Hiria laborategi

Espazio horien definizioa eta bilakaeraren lanketa eragileekin berekin egin dute. Hiri barruti berritzailearen kasua jarri du Del Blancok. "Europan esaten ari dira oso garrantzitsua dela halako eremuak martxan jartzea, baina jakin nahi genuen ea enpresek eta zentro teknologikoek interesa zuten. Lehenengo tailerrean hori egin genuen, eta Josuk hartu zuen parte horretan".

Josu Bilbao Ikerlaneko Teknologia Digitalen eta Adimen Artifizialaren zuzendariaz ari da. "Guk bi txapel ditugu: zentro teknologikoarena eta Mondragon korporazioaren berrikuntzarena. Eta oso interesgarria izaten ari da bertan egotea", adierazi du. Izan ere, Bilbaok dioenez, teknologia bat garatzean horrekin probak egiteko eremua bilatzea zaila izan ohi da. "Horregatik da garrantzitsua guretzat Bilboko hiriak izandako determinazioa eta egin duen apustua, eskaintzen duelako esparru bat, azpiegitura erreal bat, probatzeko edo testatzeko lehenengo pilotu hori. Azken finean da hiriak nola lagun diezaiokeen industriari eta teknologiaren jarduera ekonomikoari laguntza emanez. Nola zabaldu ditzakeen besoak enpresek zerbitzu hauek gara ditzaten, eta esparru sozial eta ekonomikoak eskutik joan", azaldu du Ikerlanekoak. 

Josu Bilbao (Ikerlan): "Guretzat garrantzitsua da Bilboko hiriak izandako determinazioa, eskaintzen duelako esparru bat, azpiegitura erreal bat, probatzeko edo testatzeko lehenengo pilotua"

Euren kasuan, landu dutena izan da Bilbo nola izan daitekeen hiri laborategi bat sei eremutako teknologiak testatzeko. "Gainera, galdetu genien zein errekurtso publiko ipini ditzakegun haien eskutan, eta horiek identifikatu genituen", adierazi du Del Blancok. "Bestela esanda elkarrekin, zerbitzu aurreratuen sektorea nola bultzatu, eta hiria bera ere", gaineratu du. Identifikatutako sei esparruak honakoak dira: garraio eta mugikortasun berriak, ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoa, osasungintza eta gizarte osasuna, hiri ingurunea eta eraikuntza, ingurumena eta segurtasuna, eta digitalizazioa eta datuen kudeaketa. 

Zerbitzu aurreratuen enpresen mapa

Ildo beretik doa industria eta zerbitzu aurreratuak lotzeko espazioa. Horren kide da Gotzon Arzelus Baturako Negozio zuzendaria eta sortzaileetako bat, eta parte hartzeko deia jaso zuenean asko poztu zela dio. "Ekonomiak izan dituen aldaketekin, enpresa traktoreek aurrera egiteko bestelako gauza batzuk behar dituzte modu organikoan lortzeko oso zailak direnak eurentzat. Horregatik bagara zenbait enpresa, txikiak eta ezezagunak gehienak, horretan ari garenak", kontatu du.

Sarri, baina, ezezagun izate horrek kalte egiten die. "Zero kilometro kontzeptua gastronomian eta elikaduran oso-oso onartuta dago, baina ez beste esparru batzuetan. Eta honetan joera izan da kanpora begiratzea", nabarmendu du. Informazio falta ere zegoela uste du Del Blancok, enpresek ez dutela elkar ezagutzen. "Direktorio bat falta zen, jasotzen zuena zein den zerbitzu aurreratuetako enpresek eskaintzen duten balio erantsia. Beraz, mapeo dinamikoa sortu genuen, beti aktibatzen izango garena", dio. Lan hori ez du Bilbao Ekintzak bere kabuz egin, baizik eta elkarlanean. "Ez dugu guk gure kabuz pentsatu; prozesuaren parte izan dira enpresa horiek. Jakitea ados daudela, hori da honen balioa nire ustez", azpimarratu du Bilbao Ekintzakoak. 

Gotzon Arzelus (Batura): "Zero kilometro kontzeptua gastronomian eta elikaduran oso-oso onartuta dago, baina ez beste esparru batzuetan. Eta honetan joera izan da kanpora begiratzea"

Arzelusen ustez, konexio hori egiteko bidea abiatzen du. "Ez da nahikoa izango, baldin eta ez baditugu gure bezero izan daitezkeen horiek erakartzen. Baina pausoa positiboa da", azpimarratu du. Estensorok beste elementu bat gehitu du: "potentziala zegoela intuitu genezakeen, baina mapeoak benetan erakutsi du hor dagoela. Bistaratzeko balio du". Orain industriaren eta zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituzten enpresen arteko lankidetza sustatzeko bideak lantzen ari dira, elkar ezagutzeko topaketa eta bileren bitartez. "Ezingo gara ehun guztiarengana iritsi, eta epe laburrean emaitzak ikustea zaila izango da. Baina pixkanaka joango gara sortzen uhin hedakor bat", adierazi du Estensorok.

Entrenatu behar diren egiteko moduak

Bilbao Zerbitzu Aurreratuak proiektuan eraikitzen ari den lankidetzazko gobernantzan "guretzat oso garrantzitsua zen udaletxeko Ekonomia Sustapen alorra gurekin izatea, errekurtsoak normalean haienak direlako", plazaratu du Del Blancok. Hain zuzen ere, horretan pausoak emateko lanean jarraitzen dute, eta errekurtsoak ere jartzen haien eskutan, "hiritarrei laguntzeko hiri berritzaileagoa egiten". Marko juridikoa eraikitzeko, berriz, aholkularitza espezializatu batekin aritu dira. "Oso garrantzitsua da hori izatea, dena ordenatzen duelako: nola hasten diren prozesuak, zein proba egiten diren eta zenbat iraungo duten, nola ixten diren...", esan du. 

Hala ere, arestian aipatutako guztia aurretik urteetan eginiko lanaren emaitza da. "Bilbao Ekintza bezalako eragileen papera gako da. Lan hori bestela ez da modu naturalean ematen", iritzi dio Orkestrakoak. "Horrela lan egiteko badira oinarri batzuk ulertu behar direnak", mahaigaineratu du. Zerrendatu ere egin ditu: herri mailan ditugun lehiakortasun erronkek eskatzen dutela elkarrekin lan egitea, inongo eragilek ez baitauka horri aurre egiteko errezetarik; hiri laborategia eraikitzea ez dagoela soilik eragile bakar baten —udaletxearen— esku; konplexutasuna errekonozitu egin behar dela; edota beste modu batera funtzionatu behar dela, adibidez, Bilbao Ekintza eragileekin aritzea ko-sorkuntzako prozesuetan, eta ez soilik dirulaguntzen esleipenetan; edota maila desberdinetako eragileen inplikazioa eskatzen duela, besteak beste Jaurlaritzarena edota Aldundiarena. "Bilbao Ekintzak rol aldaketa izan du. Erraztaile izatera pasa dira eta lan egiteko modu hori entrenatu egiten da, baina ez da erraza horrekin jarraitzea, emaitza tangibleenak ez direlako nahi bezain azkar iristen", adierazi du Estensorok. Horretan guztian, Orkestraren ekarpena hain zuzen ikerketa ekintzako metodologia bera da, "gure rola ere badelako ekintzan ikerketa egitea, eta hor eragitea". 

Miren Estensoro (Orkestra): "Bilbao Ekintzak rol aldaketa izan du. Erraztaile izatera pasa dira...eta ez da erraza horrekin jarraitzea, emaitza tangibleenak ez direlako nahi bezain azkar iristen" 

 

Bilbao Ekintzaren kasuan, "talde osoarentzat oso interesgarria izan da", Del Blancok esandakoaren arabera. "Lanez lepo izanda ere, beti etorri dira beste eragileak tailerretara eta gu ere bai. Ezagutza, inbertsioak... partekatzea oso garrantzitsua izan da". Sailen arteko lankidetza ere gertatu da, baita tekniko-politikoa ere. "Administrazio publikoak aldatu behar duela diogunean, mota hauetako aldaketez ari gara", planteatu du Estensorok.

Horrek guztiak ez du esan nahi erronkak inportanteak ez direnik. "Aipatu ditugun taldeak martxan jartzea erabakia izan da. Baina etorkizunean ez dugu baztertzen lanerako beste talde batzuk abiatzea. Momentuz, ikusi bezala, talde desberdinak daude abian eta bakoitza bere puntuan", amaitu du Bilbao Ekintzakoak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain