• BERRIKUNTZA
  • Soluzio teknologikoak aurkeztu dituzte Bind Demo Day ekitaldian

Soluzio teknologikoak aurkeztu dituzte Bind Demo Day ekitaldian

Mairu enpresak irabazi du Urteko Start-uparen saria

Kursaal Jauregian egin da ekitaldia | Argazkia: Irekia
Kursaal Jauregian egin da ekitaldia | Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 3a - 11:11

Bind Demo Day 2025 jardunaldiaren 9. edizioa antolatu du gaur Bind Berrikuntza Irekiko Plataforma publiko-pribatuak, zeina Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak abiarazi duen Spri Taldearen bitartez. Donostian bildu dira EAEko industriaren eta ekintzailetzaren ekosistemako 400 profesional baino gehiago, baita 20 start-up ere. Azken horiek berrikuntza proiektuak aurkezteko parada ere izan dute.

 

Besteak beste, honako enpresa hauetako ordezkariak izan dira ekitaldian: Mercedes-Benz, ITP Aero, Iberdrola, Bellota, DanobatGroup, Talgo, Arteche, Tubos Reunidos, Eroski, Erreka eta GH Cranes. Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE) ere izan dira jardunaldian, hala nola, Eralki, Ona, Zikotz, Agaleus, Loramendi, AAC Acústica eta A & B Laboratorios.

Jardunaldian zehar “funtsezko sektoreei aplikatutako soluzio teknologiko aitzindariak” aurkeztu dituzte, hau da, fabrikazio aurreratuari, energia garbiari, industriaren digitalizazioari edota ekonomia zirkularrari loturiko soluzioak. Esaterako, Powerfultree start-upak Iberdrola enpresarekin egin duen karbono-aztarna murrizteko sistema agrovoltaikoa erakutsi du; Arabako Data Value Management start-upak ere Agaleus eta Loramendi enpresekin garatu duen proiektua aurkeztu du: eskaintza lehiakorragoak sortzeko helburuarekin, arriskuaren kudeaketa adimendunerako eta datuen analisirako proiektua sortu dute.

 

Sari-banaketa ere egin dute, eta Mairu enpresak irabazi du Urteko Start-uparen saria, “enpresen industria-prozesuak digitalizatzeko garatutako softwareagatik”. Enpresa Korporatiboaren saria eskuratu du GH Cranes enpresak, eta ETE Berritzailearen saria, aldiz, AAC Acústicaren esku geratu da. Azkenik, Sozietate Publikoaren saria Parkerentzako (Euskadiko Parke Teknologikoa) izan da.

Bind Corporate ekimenaren 10. edizioa

Bind Demo Day eguna aprobetxatuta, Ane de Ariño Ekintzailetza eta Nazioartekotzearen zuzendariak Bind Corporate ekimenaren 10. edizioa aurkeztu du. Edizio berrian Bind ekosistemaren parte diren enpresek hamabi erronka planteatuko dituzte, eta parte hartzen duten start-upek teknologiak aurkeztu beharko dituzte erronka horietako bati erantzuteko.

Planteatutako erronkak orotarikoak dira: industria-prozesuen digitalizazioa eta trazabilitatea, industria-inguruneetarako automatizazioa eta robotika, informazioaren kudeaketa eta segurtasuna, mantentze prediktiboa eta industria-kalitatearen kontrola, energia berriztagarria sortzea eta biltegiratzea…

Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek irailaren 5era arte aurkeztu ditzakete haien hautagaitzak.