• BERRIKUNTZA
  • Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioarabako ikertzaileek auzitara jo dute

Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioarabako ikertzaileek auzitara jo dute

Euren soldatak Osakidetzako langileenekin parekatzeko eskatzen dute. Bizkaia eta Gipuzkoako langileek dagoeneko aurkeztu dute salaketa. Arabakoek gaur jarriko dute

Langileek atzo eginiko agerraldia, Bilbon | Argazkia: ELA sindikatua
Langileek atzo eginiko agerraldia, Bilbon | Argazkia: ELA sindikatua
2026eko urtarrilaren 13a - 09:53

Biobizkaia eta Biogipuzkoa eta Bioaraba ikerketa zentroetako langileek auzitara jotzea erabaki dute, euren soldatak Osakidetzako beharginen parekoak izan daitezen eskatzeko. ELA sindikatuak atzo ohar jakinarazi zuenez, Bizkaia eta Gipuzkoako langileek dagoeneko salaketa aurkeztu dute, eta Arabakoek gaur egingo dute.

 

557 langile daude denera EAEko hiru zentroetan (258 Biobizkaian, 249 Biogipuzkoan eta 50 Bioaraban), eta salatu dute Osakidetzako langileekin alderatuta urtean 10.000 euro gutxiago irabazten dituztela. Atzo ELAren Bilboko egoitzan egin zuten agerraldia eta adierazi zuten Espainiako Gorteek 2022an onartutako Zientzia Legea ez dela aplikatzen ari. Legearen arabera, Osakidetzak kudeatutako ikerketa biomedikoko langileek ezin dute antzeko kategorietako osasun sisteman jarduten dutenen soldata baldintza okerragoak izan, besteak beste. Osakidetzako langileen soldata bera izateko, euren soldatak batez beste %30 igo behar direla diote.

Minbizia, esklerosia eta alzheimerraren gaineko goi mailako ikerketa egiten dute hiru erakundeotan. Osakidetzak kudeatzen ditu ikerketa zentroak, baita ikerketarako irizpideak ezarri ere, baina, berez, erakunde pribatuak dira. ELAk eta langileek hainbat negoziazio bilera egin dituzte zuzendaritzarekin, baina oraingoz ez dira akordio batera heldu, eta hori dela eta erabaki dute auzitara jotzea.

 

Iazko udaberrian mobilizazioak egin zituzten eta zuzendaritzarekin negoziatzeaz gain, Lan Harremanen Kontseilura ere jo zuten. Langileek azaldu dute zuzendaritzarekin hitz egiten jarraitzen dutela eta epaiketaren egunera arte prest daudela negoziatzen jarraitzeko.