• BERRIKUNTZA
  • Biometanoaren ekoizpena handitzeko erreaktorea garatu du Tecnaliak

Biometanoaren ekoizpena handitzeko erreaktorea garatu du Tecnaliak

Biometanoa eta gas natural sintetikoa energia-bektore gakoak dira elektrifikatzen zailak diren sektoreak deskarbonizatzeko

Tecnaliaren milikanal erreaktorea | Argazkia: Tecnalia
Tecnaliaren milikanal erreaktorea | Argazkia: Tecnalia
2026ko apirilaren 20a - 13:01

Tecnalia ikerketa zentroak gas natural sintetikoa zuzenean biogasetik lortzea ahalbidetuko duen erreaktore bat garatu eta patentatu du, eta biogasaren CO₂-aren balioa handitzeko soluzio aurreratuak eskaintzeko gai den Europako zentro bilakatu da. Prozesuak azken gasaren metano edukia handitzen du, eta gas natural sintetikoaren lehiakortasuna indartzen. Gas berriztagarri hori sarearekin guztiz bateragarria da.

 

Biogasean dagoen CO₂-aren metanazio-erreakzioa areagotzeko diseinatuta dago erreaktorea. Tecnaliak azaldu duenez, “arkitektura milimetriko batean” oinarritzen da, eta “ohiko erreaktoreek baino askoz transferentzia-koefiziente handiagoak” eskaintzen ditu.

Biometanoa eta gas natural sintetikoa energia-bektore gakoak dira elektrifikatzen zailak diren sektoreak deskarbonizatzeko bidean, eta egungo gas-azpiegituretan zuzenean txertatu daitekeenez, trantsizio energetikoan laguntzeko berehalako soluzio eskalagarria da.

 

Espainiak 2030ean urtean 137 TWh-ko (terawatt orduko) ekoizpen-ahalmena izango duela kalkulatzen da, hau da, egungo gas naturalaren kontsumoaren %40. Hala, biometanoa energia-mendekotasuna murrizteko, segurtasuna indartzeko eta emisioak murrizteko bide estrategikoa ere bada.

Biometanoa eta gas natural sintetikoa nekazaritzako, abeltzaintzako, hiriko edo industriako hondakinetatik ekoizten da. Aukera ematen du hondakin-fluxuak gas berriztagarri bihurtzeko, eta, gainera, egungo azpiegiturekin guztiz bateragarria da.

Erreaktoreare berriarekin zenbait proba egin ditu Tecnaliak, Lointek, Repsol, Petronor eta Awaes (Tedagua) enpresekin elkarlanean. Instalazio pilotu batean testatu dute, eta frogatu dute teknologiak funtzionatzen duela baldintza ia industrialetan.