
Donostia Sustapena sozietateak eta Biogipuzkoa OIIk, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketako Institutuak akordioa sinatu dute. horri esker, bi erakundeek bokazio zientifikoak sustatuko dituzte gazteenen artean, eta ekintzailetza-programak eta enpresen hazkundea indartuko dituzte transferentzia teknologikoa bultzatuz.
Akordioak hirirako proiektu erakargarriak eta garatu beharreko zerbitzu teknologikoak identifikatzea ere aurreikusten du. Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azaldu duenez, "Donostiak urteak daramatza lehen mailako berrikuntza-ekosistema bat eraikitzen, eta, gaur egun, punta-puntako azpiegiturak, proiektu estrategikoak eta I+Gko inbertsio- eta enplegu-adierazleak ditu, Europako batezbestekoaren gainetik jartzen gaituztenak”. Bere hitzetan, Biogipuzkoa OIIrekin elkarlanean aritzeak “ekonomia sendo bat, kalitatezko enplegua, gazteenentzako aukerak, talentua atxikitzea eta erakartzea” bezalako helburuak indartzen ditu.
Bestalde, Olatz Arrizabalaga Biogipuzkoa OIIko Koordinatzaile Zientifikoaren esanetan, “akordio honek indartu egiten du proiektu puntualetatik askoz harago doan lankidetza: aukera ematen digu ekosistema bat finkatzeko, non ikerketa biosanitarioak balio soziala sortzen duen, ekintzailetza berritzailea bultzatzen duen eta zientziaren eta osasunaren inguruan gero eta gaitasun eta kritika handiagoa duten herritarrak sustatzen dituen”.
Biogipuzkoa OIIk laguntzen du oinarri teknologikoko ekintzailetza bultzatzen, Donostia Sustapeneko Ekinn+ enpresa berritzaileen azelerazio-programan parte hartuz. 2020az geroztik, osasunaren arloko hamar proiektu berritzailetan aritu da.