Biozientzietatik Deep Techera

Biozientzien esparruan eginiko apustua Deep Tech esparrura zabaldu nahi du Gipuzkoak, etorkizuneko apustu ekonomiko gisa. Horretan gako izan daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak bultzaturiko Deeptek Gipuzkoa Fundazioa

Maider Zabala (Onena Medicines), bigarrena ezkerretik, eta Juan Garzón (Cultzyme), lehena eskuinetik, Deeptek Fundazioaren aurkezpen prentsaurrekoan | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Maider Zabala (Onena Medicines), bigarrena ezkerretik, eta Juan Garzón (Cultzyme), lehena eskuinetik, Deeptek Fundazioaren aurkezpen prentsaurrekoan | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko maiatzaren 5a
Eg. 2025eko maiatzaren 5a

Deep Tech kontzeptuak erreferentzia egiten die oso disruptiboak diren teknologia transbertsalei, hainbat aplikazio izaten dituztenak: zibersegurtasuna, adimen artifiziala, industriako sistema kritikoetarako, machine learning, konputazio kuantikoa... Talde horren barruan biozientziak ere sartu ohi dira sarri: bioteknologiako ekimenak, ihealth edo osasungintzara bideratutako teknologiak, medical device edo medikuntza gailuak, diagnostikoko tresnak...

 

Bigarren esparru horretan garatu dira Onena Medicines eta Cultzyme start-upak. Lehena 2019an Maider Zabala eta Neethan Lobo egungo zuzendari zientifiko eta zuzendari nagusiak sortu zuten. "Biotech enpresa bat da, eta bere helburua da medikamendu berriak garatzea oraindik soluziorik ez duten gaixotasunentzat. Ingelesez esaten zaie Unmet Medical Needs", kontatu dio EnpresaBIDEAri Zabalak. Euren sendagaien oinarrian antigorputzak daude, DSIP izenez ezagutzen diren proteinak indargabetzen dituztenak. "Halako antigorputzak sortzeko ohiko estrategia da sagu bat hartzea, proteina bat txertatzea eta sagu horrek ikusten duenez ez dela berezkoa, antigorputzak garatzen ditu. Prozesu hori ez da batere efizientea. Guk horri AA aplikatu nahi diogu", gehitu du.

Deep Tech kontzeptuak erreferentzia egiten die oso disruptiboak diren teknologia transbertsalei, hainbat aplikazio izaten dituztenak: zibersegurtasuna, adimen artifiziala...

Bigarrena Juan Garzón zuzendari nagusiak eta Ruben Palomero zuzendari teknologikoak bultzatu zuten. "Brometan esaten dugu gurea ez zela Sillicon Valleyko garaje baten sortu, baina bai Egiako aroztegi izandako lokal baten", dio Garzónek. Bioprozesuak errazteko hardwarea eta softwarea garatzen ari dira euren kasuan.  "Munduak kondizio berezi batzuk ditu gu bizi eta garatu gaitezkeen. Mundua da gure 'bioerreaktorea'. Guk egiten duguna da bioerreaktore bat sortu —tanke bat, sentsore batzuekin—, eta automatismo eta adimen aurreratuen bitartez prozesua azeleratu. Era berean, AA erabiltzen dugu bioprozesuaren prozesu guztiak hasieratik amaierara jarraitzeko", adierazi du. Euren eskaintzak hiru hanka ditu: I+G prozesuaren azelerazioa ahalbidetzen duen plataforma, eskala industrialera salto egin dadin ahalbidetzen duena, eta biak lotzen dituen softwarea. Batez ere osasungintza eta elikaduraren esparruan zentratzea erabaki dute, nahiz eta euren teknologia transbertsala izan daitekeen ohartu. "Farmazia industria zaharrena da eta elikadurarena gehien hazten ari dena", nabarmendu du Garzonek

 

Bai Onena Medicines, bai Cultzyme BIC Gipuzkoaren Tandem eraikinean daude, BICen egitekoa baita oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berritzaileen sorreran laguntzea. "Gipuzkoa oso lurralde industriala izan da beti, baina azken 15-20 urteetan atzetik estrategia bat izan da biozientzien ekosistema sortzeko: zientzia eta teknologia oso onak izateaz gain, ikerketa zentro gehienetan dago osasungintzara orientaturiko departamenturen bat, Biogipuzkoa gertu dago, enpresak sektore horretara dibertsifikatzen ari dira... Egindakoa fruituak ematen ari da", dio Esther Paguey BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendariak.

Esther Paguey (BIC Gipuzkoa): "Gipuzkoa oso lurralde industriala izan da beti, baina azken 15-20 urteetan atzetik estrategia bat izan da biozientzien ekosistema sortzeko"

Enpresen sorrerarako eta I+Ga garatzeko pizgarri fiskalak, edota azpiegiturak dira beste alderdi gako batzuk, pasadizoetara ere eramaten dutenak: "Azaroan etorri zen ikertzaile bat, AEBko unibertsitate famatuenetako baten formaturikoa, Alemanian zegoena lanean, eta bioteknologia esparruan enpresa bat sortu nahi zuena. Ez zirudien loturarik zuenik Gipuzkoarekin. Galdetu nionean zergatik nahi zuen hona etorri, erantzuna izan zen ChatGPT. Ez dakit nola egin zion galdera, baina ChatGPTren erantzuna Gipuzkoa izan zen".

Fokua eta inbertsioa zabaldu

Arestian aipaturiko biozientzietako bi proiektuak garatzeko rol garrantzitsua jokatu dute hainbat eragilek, eta horietako bat Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa da. Urteetan start-up eta enpresen garapenean lagundu nahi izan du, nagusiki tresna finantzarioekin. Fundazioaren bazkide nagusia Kutxa Fundazioa da, parte hartzearen %51rekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak du gainontzeko %49. 

Aitzitik, pauso bikoitza ematea erabaki dute bi bazkideek: batetik, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa zena Deeptek Gipuzkoa Fundazioa izatera igarotzea; bestetik, 5 milioi euroko inbertsio gehigarri bateratua egitea, Deep Tech eremuko enpresak sustatzeko. Alegia, izen berriaz gain, foku zabalagoa izango du, baina baita start-upen garapenera bideratzeko diru gehiago jarri ere. Hori guztia, punta-puntako teknologiak garatzen ari diren diziplina gehiagotako start-upei lagundu asmoz.

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa zena Deeptek Gipuzkoa Fundazioa izatera igarot da, eta 5 milioi euroko inbertsio gehigarria izango du Deep Tech eremuko enpresak sustatzeko

"Start-up punta-puntakoak daude, teknologia disruptiboekin. Hori dagoeneko ikusten ari gara. Baina lurraldeak lidergoa hartu nahi badu teknologia berrietan, halako estrategiek isla eduki behar dute inbertsio aldetik", adierazi du Pagueyk. Bazkideak aurreko paragrafoan aipaturiko bi erakundeak badira ere, BIC da Deeptek Gipuzkoa Fundazioaren organu operatiboa. Proiektuak hautatzeko fasetik patronatuko kideen erabakiaren berri enpresetara eramateraino dauden pauso guztiez arduratzen dira. "Deep Tech esparruko enpresentzat halako tresna bat oso erakargarria izan daiteke", gehitu du.

Mugarri ukiezinak lortu eta zorroa zabaltzeko tresna

Pagueyk aipatzen duen tresna Deeptek Gipuzkoa Fundazioak eskaintzen duen mailegu bihurgarria da. 2018tik duela gutxira arte biozientzien esparruko start-upei zuzendua zen, 250.000 euro bitartekoa start-up bakoitzeko, eta denera 17 start-upek jaso dute. Hemendik aurrera Deep Techera zabaltzen da, "Gipuzkoaren etorkizuna hor izango daitekeela" ikusirik, eta 350.000 eurorainokoa izango da start-up bakoizeko. Bi start-upek dagoeneko jaso dute mailegu mota hori. "Mailegu bihurgarriaren berezitasuna da dirua sartzen denean mailegu gisa sartzen dela, 10 urterako, eta 4 urteko karentziarekin. Aldiz, finantzazio erronda bat dagoenean edota akzioen transferentzia, fundazioak eskubidea —ez betebeharra du— bazkide bihurtzeko", azaldu du Pagueyk.

Mailegu bihurgarri hori oso aproposa izan daiteke merkaturatzetik oraindik urrun dauden enpresentzat. Horixe zen Onena Medicinesen eta baita Cultzymeren kasua. 2020an eta 2022an jaso zuten mailegua, hurrenez hurren. "Mugarri ukiezinak lortzea ahalbidetu digu. Biotech enpresa batek urteetan ez du fakturatzen", adierazi du Zabalak. 

Maider Zabala (Onena Medicines): "Maileguak ahalbidetu ditu bestelako esparruei ere erreparatzea —obesitatea, anemia—, eta geroz eta garratzitsuagoa den Vision Language Modeleko EAI plataforma garatzea"

Ideia bat egiteko, merkatura saltu egiteko oraindik ere 10 eta 15 urte bitarte izan ditzaketeela nabarmendu du Zabalak. Ohiko funtzionamendua izaten da konpainia farmazeutikoek garatu behar duten produktu baten I+G+ba start-upei uztea, arrisku handia izaten duten prozesuak baitira. "Ez hainbeste tekniko edo teknologikoak, baina bai merkatukoak, bai erregulazio aldetik biozientzietako proiektuen kasuan,...". Diruari esker, prototipoa garatu dezakete, kontzeptu proba egin, IPa edo patentea oso sendo eduki... "Arriskuak jasiten dira, eta horri esker inbertsio pribatura helduko dira posizio askoz lehiakorragoan, garapen altuagoa izango dutelako", adierazi du BIC Gipuzkoakoak.

"2019an hasi ginenean saiatzen ari ginen garatzen antigorputzak ohiko tratamenduekiko erresistenteak ziren minbizi motentzat. Maileguak ahalbidetu ditu bestelako esparruei ere erreparatzea —minbizia, obesitatea edota gaixotasun metabolikoak, anemia—, bakoitzarentzako antigorputzak garatzea, kontzeptu probak egin ahal izatea animalien kontzeptu-ereduetan eta geroz eta garratzitsuagoa den Vision Language Modeleko —AAko— EAI plataforma garatzea", Azken horrekin askotarik lankidetzak lortu dituzte, NVIDIArekin adibidez, Inception izeneko programa baten.

Juan Garzón (Cultzyme): "Mailegua jasotzeak erakusten du proiektu bat garela markatzen ari dena aro berri bat bioekoizpenari, biomanufakturari, eta abarri dagokiona Gipuzkoatik eta Europatik. Sinesgarritasuna ematen dio proiektuari"

Cultzymeren kasuan, 2022tik patenteen zorroa sendotu ahal izan dute, taldea tinkotu —"%95 atzerritarak gara, eta horrek erakusten du proiektuak talentua Gipuzkoara erakartzeko duen gaitasuna"—, eta merkaturatzera salto egiteko bidea zabaltzen ari dira, "teknologiaren baliozkotze fase baten dagoelarik", esan du Garzonek. "Mailegua jasotzeak erakusten du BICeneta Deeptek Fundazioaren konfiantza boza, eta proiektu bat garela markatzen ari dena aro berri bat bioekoizpenari, biomanufakturari, eta abarri dagokiona Gipuzkoatik eta Europatik. Sinesgarritasuna ematen dio proiektuari", gaineratu du.

Kanpo adituen laguntza

Bi adibideek erakusten dutena ez da salbuespena. Fundazioak eskaintzen duen mailegua ez da teknologia merkaturatzeko fasean dauden enpresentzat, TRL4 eta TRL6-n dauden start-upei zuzendurikoa baizik. TRL ingelesezko siglak erabiltzen dira start-up bat teknologiaren garapenaren zein mailan dagoen definitzeko, TRL1 oinarrizkoa izanik eta TRL9 onartutako sistema. “Ikusi daitekeenez, teknologiaren garapen oso goiztiarretan dauden start-upentzako mailegua da fundazioak eskaintzen duena", azaldu du Paguey. Ez dira inbertsio tresna asko maila horietan ari diren start-upentzat eta oso zaila izaten da inbertsioa lortzea. Hori dela eta, tresnak baliabideak fase horretan ematea “asko laguntzen die”.

Bete beharreko beste ezaugarrien artean honakoak dira: legalki enpresa sortua izatea, egoitza soziala Gipuzkoan izatea eta I+G+bko jarduera Gipuzkoan garatzea finantzazio akordioa sinatzen denean. "Ez da BIC Gipuzkoan garatzen diren start-up berritzaile guztientzat irekita dagoen instrumentu bat. Lurraldean oso inpaktu nabaria izan dezaketen horientzat da soilik". 

Esther Paguey (BIC Gipuzkoa): "Ez da BIC Gipuzkoan garatzen diren start-up berritzaile guztientzat irekita dagoen instrumentu bat. Lurraldean oso inpaktu nabaria izan dezaketen horientzat da soilik"

Aurkezteko deialdia urte guztian dago zabalik, eta proiektuen hautaketan kanpo adituek hartu ohi dute parte, ebaluazio teknikoa, merkatuarena eta finantzarioa egiteaz arduratzen direnak. "Adituak, teknologia horren ikuspegiaz harago, kontrastea eman behar digu ikusteko planteatzen diren start-upek atzetik dakarten teknologiak benetan inpaktu bat izan dezakeen merkatuan, are benetan merkatu bat egon daitekeen", kontatu du BICekoak. Informazio hori BICek biltzen du, eta bi norabidetan bideratzen du: patronatuko kideei pasatzen die, batetik, eurak erabaki dezaten mailegua eman edo ez; eta start-upari bideratzen diote, bestetik, informazio hori baliagarria izan daitekeelakoan.

Deep Techen Europako etorkizuna Gipuzkoan al dago?

Are gehiago, Deep Tech esparruan halako tresna bat martxan jartzen aitzindari izan da Gipuzkoa, Europa mailan Deep Tech esparruan aritzen den aditu batek helarazitakoaren arabera, Pagueyk kontatu duenez. "Hasieran egin zen apustua bere fruituak ematen ari da Donostia Deep Techen mapan jartzeko. Ordenagailu kuantikoaren kasua, edo Multiversen adibidea izatea, Europako adarbakarretako bat dena, oso positiboa izaten ari da Deep Tech dena garatzeko. Gu eurekin lankidezan ari gara une honetan", nabarmendu du Onena Medicinesekoak. "Txikiak gara eurekin alderatuta, baina geure sistema euren jakintzarekin uztartuta, zerbait polita atera daiteke", gehitu du.

"Hasi behar da gehiago inbertitzen atomoetan, eta ez bit-etan. Bestela esanda, zabaldu daitzekeen soluzioak, harwarearenak— egingo dituzten konpainietan inbertitzea gako da. Eta horretan ari direla dirudi", adierazi du Garzónek.

Juan Garzón (Cultzyme): "Hasi behar da gehiago inbertitzen atomoetan, eta ez bit-etan"

Azken urteetan softwarearen "sekulako hazkundea" ikusi bada ere, "geopolitikak" darama hardwarearen itzulerara Cultzymeren sortzailearen ustez."Oso ondo dago automatizatuko dizun softwarea izatea, baina ez baduzu txipak ekoitziko dituzten ekoizpen plantak, beti beste norbaiten menpe izango zara". Deep Tech konpainiek hori ahalbidetzen dutela uste du ekintzaileak. "Zientifikoki guztiz berritzaileak dira, eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko soluzioak garatzen dituzte. Azpiegitura berriez ari gara, mediku bat ebakuntza baten ia-ia akatsik gabe lagunduko duen robotei buruz... Ukigarriagoak diren gauzak dira", amaitu du.