Bizkaiko Foru Aldundiak eta Keiretsu Forumek inbertsio foroa antolatu dute, Bizkaia Keiretsu Foruma, hain zuzen ere. San Mamesen egindako jardunaldian 70 bat inbertsorek parte hartu dute, besteak beste, business angels-ek, korporazio industrial handiek eta entitate finantzarioek, eta aukera izan dute aurrez aukeratutako zenbait start-upen aurkezpenak entzuteko.
Guztira hogei bat start-upek eman zuten izena parte hartzeko, eta horietatik zortzi aurkeztu dira foroan, sektore eta helburu askotakoak: Anfibium, enpresen mugikortasun jasangarria sustatzeko software-a garatzen duena; Arctic Sea, elikagaien garraioa denbora errealean monitorizatzeko gailua sortu duena, elikagaiak alferrik galtzea ekiditeko helburuarekin; Asimob, adimen artifiziala erabiltzen duena errepideen segurtasuna aztertu eta bermatzeko; Hodeicloud, hodeian mahaigain integrala garatu duena, iHodei izenekoa, adimen artifiziala eta cloud computing-a erabilita; Kaytek, enpresen digitalizaziorako tresna garatu duena, blockchain eta big data teknologien bitartez; Panel Health, osasun sektoreari lotutakoa, pazienteak elkarrizketatu eta haien esperientziak jasotzeko teknologia sortu duena; Veltis Data, administrazio publikoari laguntzeko teknologia bat egin duena big data erabilita; eta Zuma Innovation, bizikletentzat irtenbide mekatronikoak sortu dituena.
Bizkaiko Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainara Basurkok “proiektuen heldutasuna” nabarmendu du, baita hainbat sektoreri egiten dieten ekarpena ere, hala nola, industriari, mugikortasunari, logistikari eta osasunari. Gainera, gogorarazi du finantzaketa pribatua jasotzeko gaitze prozesu batean parte hartu dutela denek, Beazek antolatutakoa. Era berean, azpimarratu du “Bizkaian berrikuntza eta ekintzailetza kultura garatu eta bultzatzu nahi” dutela, eta horretarako sortu dutela, hain zuzen, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa. Diputatuaren hitzetan, 2022ko irailan zabalduko dute.
Keiretsu Forum inbertsore pribatuen munduko sarerik handiena da. 2.000 kidek osatzen dute, eta denen artean honezkero 200 milioi dolar inbertitu dituzte munduko ehundaka start-upetan. Sareak 53 egoitza ditu, 27 herrialdetan sakabanatuta.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta