
Cyber Surgery enpresa donostiarrak Alaya izeneko produktua merkaturatu du, bizkarrezurra operatzeko gai den Euskal Herriko lehen robota. Konpainiak azaldu duenez, bizkarrezurreko kirurgia eskuz egin ohi da, irudi medikoen laguntzarekin, eta horrek "zehaztasun eta esperientzia handia eskatzen dio medikuari". Testuinguru horretan, robotikak aukera ematen du "operazioa planifikatzeko TAC baten bidez eta torlojuak modu zehatzean eta denbora errealean sartzeko”.
Alayak Kinematic izeneko teknologia erabiltzen du, zeinak nazioartean patentatutako nabigazio-sistema zinematikoa duen eta "sistema optiko konbentzionalen mugak gainditzen dituen". Sistema optiko horiek "kameren, kalibrazioen eta ikusmen-lerroaren mende daude, robotaren posizioa pazientearen mugimenduen arabera eguneratzeko, hala nola arnasketaren arabera".
Cyber Surgeryren arabera, sistema berri honek ahalbidetuko du operazioaren esku-hartzea ez izatea hain inbaditzailea. Era berean, pazientearen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du. Andres Amarillo, konpainiako zuzendariak azaldu du erronka teknologiko handia izan dela robota garatzea, eta uste du mugarri izan daitekeela bizkarrezurreko kirurgia robotikoan.
Alayaren merkaturatuta, Donostiako enpresak nazioartekotze faseari ekin diola jakinarazi du Amarillok. 2017an sortu zen Cyber Surgery, Egile enpresaren proiektu gisa. Robota erabiliko duen lehenengo bezeroetako bat izango da Egile, baita Donostiako eta Gurutzetako ospitaleak, IIS BioGipuzkoa, BioBizkaia, BioAraba, BIOEF, Ceit, Vicomtech, Tecnalia edota Tekniker.