Bizumek, Hego Euskal Herrian norbanakoen arteko ordainketak eraldatu dituen plataformak, etapa berri bati ekingo dio Bizum Pay merkaturatuta. Maiatzaren 18tik aurrera, erabiltzaileek saltoki fisikoetan ordaindu ahal izango dute smartphonearekin. Visa, Mastercard edo Apple Pay bezalako erraldoiekin zuzenean lehiatu nahi duen mugimendua izango da.
Datorren maiatzaren 18a inflexio-puntua izango da Espainiako ordainketa-ekosisteman. Bizum Payk denda fisikoetan erosketak egiteko aukera emango die erosleei, telefono mugikorra datafonora hurbilduz, NFC teknologiari esker. Apple Pay edo Google Pay plataformek eskaintzen dutenaren antzeko prozesua izango da, baina elementu bereizgarri batekin: Espainiako banku-sektorearen babes zuzenarekin.
Bizum finantza-erakundeen partzuergo baten jabekoa da, eta hainbat bankuk parte hartzen duten sozietate batek kudeatzen du. Urte gutxiren buruan, partikularren arteko transferentzia txikietarako tresna gogokoena bihurtu da. Haren erabilera merkataritza elektronikora ere zabaldu da, eta establezimendu askok ematen dute dagoeneko sistema horren bidez ordaintzeko aukera. Orain, merkataritza fisikorako jauzia urrats logikoa da haren bilakaeran.
Bizum Payren hedapena progresiboa izango da. Hasierako merkaturatze-fasean, Bankinter, Sabadell eta CaixaBankeko bezeroek soilik izango dute eskuragarri, baina datozen hilabeteetan beste erakunde batzuek ere bat egitea espero da, hala nola, Kutxabankek, Laboral Kutxak, BBVAk eta baita Revolut bezalako eragile digitalek ere. Hedapen hori funtsezkoa izango da erabilera masiboa sendotzeko.
Bizum finantza-erakundeen partzuergo baten jabekoa da, eta hainbat bankuk parte hartzen duten sozietate batek kudeatzen du
Bizum Payren abantaila nagusietako bat sinpletasuna da. Ordainketa tradizionaletan ez bezala, ez da beharrezkoa izango telefono-zenbakirik edo banku-konturik sartzea. Smartphonea TPVra (salmenta-puntura) hurbiltzea nahikoa izango da eragiketa osatzeko. Gainera, dirua berehala transferituko da, eta horrek onurak dakarzkie erabiltzaileei zein saltokiei.
Hain zuzen ere, establezimenduen aliatu estrategikoa bilakatu daiteke Bizum Pay. Sistema horri lotutako komisioak, ziurrenik, metodo tradizionaletakoak baino txikiagoak izango dira, eta dirua berehala jasotzeak negozioen likidezia hobetuko du. Hala ere, hasierako arrakasta, neurri handi batean, egokitzapen teknologikoaren araberakoa izango da.
Epe laburrerako oztopo nagusietako bat ordainketa-terminalen bateragarritasuna izango da. Datafono guztiak ez dira lehenengo egunetik prest egongo Bizum Pay bidezko ordainketak onartzeko. Beharrezkoa izango da TPVak bateragarriak izatea edo eguneratzea, eta horrek lehen hilabeteetako hedapena mantsotu lezake.
Ordainketen subiranotasunaren aldeko bataila
Euskal Herritik harago, Bizumen mugimendua Europako estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Joan den martxoaren 26an, kontinenteko ordainketa-plataforma batzuk Erroman bildu ziren, sistemen arteko elkarreragingarritasuna ahalbidetuko duen eta AEBekiko mendekotasuna murriztuko duen aliantza komun bat eraikitzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, Bizum abantaila batekin abiatzen da: adopzio-maila altua eta hazkunde azkarra. Izan ere, etorkizuneko Europako aliantza horren egoitza Madrilen kokatzea erabaki da, Bizumen instalazioetan, eta horrek indartu egiten du haren rol protagonista.
Oztopo nagusietako bat ordainketa-terminalen bateragarritasuna izango da. Datafono guztiak ez dira lehenengo egunetik prest egongo Bizum Pay bidezko ordainketak onartzeko
Bizum Payren etorrerak ikuspegi teknologikoa aldatzea ere badakar. Plataformak aplikazio independente bat izango du, berezko wallet gisa funtzionatuko duena. Horrek esan nahi du ez dela Apple Pay edo Google Pay aplikazioetan sar daitekeen beste txartel bat izango, ekosistema autonomo bat baizik, nahiz eta erabiltzailearen banku aplikazioari lotuta egon.
Bizum Pay plataforma partikularren arteko transferentzia-tresna baino gehiago izango da, eta eragile garrantzitsu bihurtuko da eguneroko ordainketetan. Erronka ez da txikia, merkatuan ondo finkatutako erraldoi teknologikoekin lehiatu eta adopzio masiboa lortu beharko du, merkatu zorrotz batean. Hala ere, Espainian duen hedapen handiak eta Europan duen protagonismo gero eta handiagoak ateak zabaldu dizkio agertoki berri bati: kontinentean jaiotako ordainketa-sistema batek, urteetan lehen aldiz, lider globalei aurre egin eta benetako subiranotasun teknologiko europarra eraikitzeari.