BTEM sarietara hautagaiak aurkezteko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik

Azti zentro teknologikoak eta Basque Food Clusterrek antolatuta, elikadura sektoreko enpresa berritzaileen lana aitortzea du xede egitasmoak

Argazkia: Azti Argazkia: Azti

Euskal enpresek elikagaien sektorean egindako lana eta ahalegina saritzeko asmoz, Azti zentro teknologikoak eta Basque Food Clusterrek BTEM EAEko elikagaien berrikuntzarako sarien laugarren edizioa antolatu dute. Elikadura sektoreko enpresa “disruptiboenak” bilatzea du helburu sariketak, eta hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik.

Sariketak hiru kategoria izango ditu: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza enpresariala eta berrikuntza merkatuetan. Lehenengoak, produktu edo zerbitzu berri edo hobetu bat arrakastaz garatu eta merkatuan sartu izana aitortzea du xede, bigarrenak, berrikuntza edo hobekuntza nabarmenak dakartzan ekoizpen, logistika, banaketa edo laguntza jardueren ezarpena hartuko du kontuan, eta hirugarrenak, estrategia edo kontzeptu komertzial berriak ezarri dituzten eta merkatuak handitzean eta negozioa nazioartekotzean hobekuntza nabarmena lortu duten enpresak.

Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Aztiko presidenteak adierazi duenez, sari hauek “aukera paregabea dira” EAE elikagaien berrikuntzan erreferente izateko. “Ingurunean balioa sortuko duten ideia berrien garapena sustatzen dute, baita gizarte osoarentzat hain garrantzitsua den sektore batean ere”.

Halaber, sari banaketa Food 4 Future nazoarteko foroan egingo da, apirilaren 16tik 18ra bitartean, BECen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK