Bueltan da Super Mario klasikoa

Bideojokoen iturgin ospetsuena fantasiazko mundu berri batean murgildu berri da

1985ean jaio zen Super Mario Bros jokoa | Argazkia: iStock 1985ean jaio zen Super Mario Bros jokoa | Argazkia: iStock

Bideojokoen munduko pertsonaiarik ezagunena bueltan da. 38 urterekin, Super Mario Nintendo Switchentzat lan berri batekin itzuli da, lehen jokoaren jatorrizko kontzeptura itzuliz, baina berritasun handiak gehituz, aire fresko eta gaurkotuagoarekin. Mariok pantaila handira salto egin duen urtean, iturginaren bideojoko berria gabonetan gehien salduko den jokoetako bat izango da.

1985ean sortu zuen Shigeru Miyamotok Super Mario pertsonaia, Nintendoren bideojoko baterako. NESerako atera zen lehen joko horrek iraultza handia lortu zuen bideojokoen munduan, garai txarrean baitzegoen industria, bideojokoen kalitate txarra zela eta. Super Mario Bros. lehen atalak eskuinerantz mugitzeko hainbat oztopo saihestu behar zituen pertsonaia bat aurkezten zuen, ordura arte horrela diseinaturiko bideojoko bakarra. Bideojokoa hainbeste hedatu zen, non Nintendok Arcade makinentzako hainbat bertsio sortzea erabaki zuen. Izan ere, 1980ko hamarkadan tabernetan eta aisialdiko espazioetan nabarmen ezagunak ziren makina horiek. Denbora gutxian, bideojokoen munduko pertsonaiarik ospetsuena izatea lortu zuen; ikono bihurtu zen Mario.

1985ean sortu zuen Shigeru Miyamotok Super Mario pertsonaia, Nintendoren bideojoko baterako. Lehen joko horrek iraultza handia lortu zuen bideojokoen munduan, garai txarrean baitzegoen industria, bideojokoen kalitate txarra zela eta

Super Mario agertu zenetik, sagako joko bakoitzak bideojokoen industria iraultzea lortu zuen. Bideojoko berri bakoitzak hobekuntza grafikoak, trebetasun berriak eta pertsonai karismatikoak zituen. 1997an Europara iritsi zen Nintendo 64, eta kontsola berriarekin, Super Mario 64 bideojokoak ahalik eta gehien aprobetxatzen zituen Nintendoren kontsola indartsuaren aukerak, bi dimentsioko mundu batean jokatzetik, 3Dko batean jokatzera pasatuz. Mario orain norabide guztietan mugi zitekeen, kamera jokalariak nahi zuen tokian jar zitekeen, eta libreki hegan egin ere posible zen.

Espaziora eta zinemara ere jauzi

Mario ez da Peach printzesaren bila bakarrik joan denbora honetan; kartak gidatzen, golfean jokatzen, tenisean eta futbolean ere ikusi dugu. Pertsonaiak hainbeste eman du, non 2007an espaziora jauzi egitea erabaki baitzuen Super Mario Galaxy jokoarekin. Planeta itxurako mailekin, grabitatearekin eta orkestra sinfonikoaren eskutik zetorren soinu-banda batekin jokatuz. Super Mario fenomenoa aseezina da oraindik, eta horregatik, aurten bertan estreinatu da Super Mario Bros Movie zinema-aretoetan, egun 1.300 milioi dolar baino gehiago biltzen dituena leihatiletan.

Lehen egun hauetan bideojokoa probatu duten jokalarien arabera, atal berriak bideojoko klasikoaren funtsari eusten dio, egungo publikoarentzat errazagoa eta erakargarriagoa egiten duten berrikuntzak gehituz

Super Mario inoiz baino indartsuago dator, oporretako 'odisearen' ondoren. Joan den ostiralean, urriaren 20an, Nintendo Switcheerako sagaren azken atala kaleratu zen. Oraingo honetan, Mario ez dago txanpiñoi erreinuan, baizik eta ondoko lore-erresumara bidaiatzen du. Bideojoko berri hau bi dimentsioko kontzeptu klasikora itzultzen da, alboko desplazamenduarekin. Atal berri honetan berritasun gisa, Power-Up loreak daude, jokatzen ari garen pertsonaiari itxura aldatzeko aukera ematen diotenak, baita pasatzen ari garen maila aldatzeko ere. Lehen egun hauetan bideojokoa probatu duten jokalarien arabera, atal berriak bideojoko klasikoaren funtsari eusten dio, egungo publikoarentzat errazagoa eta erakargarriagoa egiten duten berrikuntzak gehituz.

Super Mario euskaraz

Bideojokoen munduan, zineman edo telebistan bezala, zaila da euskarazko edukia aurkitzea. Super Mario Bros Wonder oraindik ez dago euskaraz eskuragarri, baina laster egon liteke. Game Erauntsiari esker, litekeena da denbora gutxian jolasa euskaraz ikustea, aurretik hizkuntza hori Super Marioren mundura eraman baitute. Bere webgunetik, iturginaren bideojokoak aurki ditzakegu, erabat itzulita: Super Mario Bros, Super Mario Bros 2, Super Mario World, Super Mario 64, Mario Kart Wii eta Mario Kart 8 Deluxe. Game Erauntsiaren lankidetzari eta ahaleginari esker, gero eta gehiago dira euskaraz goza ditzakegun bideojokoak, egunen batean gure hizkuntzan ofizialki noiz aterako zain gauden bitartean.

Game Erauntsiari esker, litekeena da denbora gutxian jolasa euskaraz ikustea, aurretik hizkuntza hori Super Marioren mundura eraman baitute

Oraingo honetan, Super Mariok txanpiñoi erresuma utzi eta lore-erresumara bidaiatu du abentura berriak bizitzeko. Debuta egin zuenetik ia lau hamarkada igaro ondoren, Mariok eta bere lagunek badakite bideojoko berri bakoitzarekin nola entretenitu eta nola jarraitu bideojokoen erreinuko protagonistak izaten. Gaur egun, gero eta grafiko kalitate handiagoa eskatzen dugun honetan, Nintendok badaki nola entretenitu eta liluratu jokalaria, ondo diseinatutako plataformekin eta produktu biribil batekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK