
Ideia batzuk ez dira bilera batean sortzen, hondartzan baizik. Soluzio batzuk ez dira iristen hogei mezuren ondoren, bi orduz mugikorrari begiratu gabe egon ondoren baizik. Eta badago berrikuntza bat, buruak atseden hartzen duenean bakarrik loratzen dena.
Urtebetez agenda beteak, helburu zorrotzak eta pantaila nonahikoak izan ondoren, udak aukera bat eskaintzen digu, maizegi ahazten duguna: gelditu hobeto pentsatzeko.
Deskonektatu berriro konektatzeko. Gutxiago egin, gehiagorekin itzultzeko.
Neurozientziak argi dauka: atsedena sormenerako baldintza da. Stanfordeko Unibertsitatearen ikerketa batek (Oppezzo & Schwartz, 2014) frogatu zuen ibiltzeak sormena %60raino areagotzen duela, ideia berriak eta originalak sortzea ahalbidetzen duten elkartze-mekanismoak aktibatuz.
"Atsedena sormenerako baldintza bat da"
"Atseden aktiboko" egoeran sartzen garenean —irakurtzea, begiratzea edo paseatzea, esaterako —, garunak default mode network (DMN) delakoa aktibatzen du, introspekziorako, memoria autobiografikorako eta ikuspegi estrategikorako funtsezko sarea. Berrikuntza pertsonala eta profesionala ez da abiadura handiagoarekin aktibatzen, espazio mental handiagoarekin baizik.
Hiperkonektatuta bizi gara eraldatzeko, baina deskonektatu egin behar da sortzeko. Berritzeko zain bizi gara, baina ahaztu egiten dugu sormenak isiltasuna behar duela. Sarean bizi gara, baina hobeto pentsatzen dugu geure buruarekin topo egiten dugunean.
Harvard Business Reviewn argitaratutako ikerketa baten arabera, erakunde bateko ideia berritzaileenen %16 oporretan edo deskonexio-guneetan sortzen dira. Aldi berean, BCG aholkularitza-enpresak erakusten du etenaldi- eta atseden-kultura duten ekipoek %25 berrikuntza-gaitasun handiagoa sortzen dutela.
Berrikuntza ez dago metodologia edo tresna digitalen mende soilik. Berrikuntzak egiten dituztenen barne-egoeraren araberakoa da, batez ere. Asko hitz egiten dugu ongizate emozionalaz eta fisikoaz, baina gaur egun premiazkoa da ongizate digitalaz hitz egitea: jakinarazpenak itzaltzen jakitea, beharrezkoa ez den bilera bati ezetz esatea, edo itsas ertzeko ibilaldi bat lehenestea beste kalkulu-orri baten aurretik.
Microsoft Work Trend Indexen arabera (2023), langileen % 62k diote pentsatzeko denbora funtsezkoa dela berritzeko, baina % 30ek soilik diote benetan badutela. Egungo erritmoak ez dio argitasunari laguntzen. Ezta sormena ere.
Deskonektatzea ez da luxu bat. Erantzukizuna da. Eta, agian, berrikuntza pertsonalena eta beharrezkoena da hiperaktibitate garaietan.
Uda honetan, ez dizut ekintza gehiago proposatzen. Zentzuz betetako ez-ekintza bat proposatzen dizut.
"Deskonektatzea ez da luxu bat. Erantzukizuna da"
Koaderno bat, isilune bat, ordutegirik gabeko irakurketa bat, helbururik gabeko elkarrizketa bat. Han agian ez duzu plan zehatzik aurkituko, baina bai norabideak. Ez da KPIrik egongo, baina lotura dago benetan axola zaizunarekin.
Ideia distiratsu asko sortzen dira gogamenak atseden hartzen duenean eta arimak arnasa hartzen duenean. Deskonektatu. Eta utz iezaiozu berrikuntzari topa zaitzan.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.