Canvak nabigatzailetik diseinu profesionalak sortzeko modua eraldatu du. Diseinuan esperientziarik ez duten erabiltzaileentzako tresna erraz gisa hasi zena, Photoshop, Illustrator edo InDesign bezalako erraldoiekin lehiatzeko gai den ekosistema sortzaile oso bihurtu da. Affinity 3.0 merkaturatuta eta Canvan integratuta, konpainia australiarrak urrats erabakigarria egin du bere plataforma profesionalizatzeko bidean, diseinu digitalaren erreferente globala izateko asmoa indartuta.
Urte gutxiren buruan, Canva alternatiba ekonomiko eta eskuragarria izatetik, funtsezko tresna izatera igaro da diseinuko profesionalentzat zein ezagutza teknikorik ez duten erabiltzaileentzat. Bere arrakasta interfaze sinple, intuitibo eta guztiz hodeian oinarritutakoan datza, eta horrek aurkezpenetatik hasi eta edozein gailutan publizitate-kanpainak sortzeko aukera ematen du, programa astunak instalatu beharrik gabe. Diseinuaren demokratizazio horri esker, hasieran Paint edo PowerPoint bezalako programekin lehiatu izan zen Canva, baina, orain, konpainia australiarrak askoz ere gorago begiratzen du.
Joan den asteko nobedadeen aurkezpenean, Canvak iragarri zuen Affinity 3.0 iritsiko zela, duela urtebete baino gehiago konpainiak erositako diseinuko suite profesional ospetsuaren bertsio berria. Eguneratze hori jauzi kualitatiboa da Canvaren estrategian; izan ere, Affinity Photo, Designer eta Publisher, aplikazio profesional bakar batean bateratzen ditu, eta erabat doakoa izango da erabiltzaileentzat. Neurri horrekin, plataforma alternatiba sendoa bilakatzen da, Creative Clouden ekosistemaren aurrean, hileroko edo urteko harpidetzetan soilik oinarritutako ereduan.
Hasieran Paint edo PowerPoint bezalako programekin lehiatu izan zen Canva, baina, orain, konpainia australiarrak askoz ere gorago begiratzen du
Affinity, 2014an kaleratu zen jatorriz, eta diseinatzaileen eta argazkilarien errespetua irabazi zuen, potentziagatik, arintasunagatik eta ordainketa bakarreko ereduagatik, Adobeko sistemaren mendekotasun ekonomikoaren aurrean. Orain, Canvaren aterkipean, tresna hori are eskuragarriagoa bihurtzen da, mundu osoan milioika erabiltzaile dituen plataforma batean integratuta eta doakoa izatera pasatuta.
Melanie Perkins australiarrak sortu zuen Canva, eta integrazio horrekin, erabiltzaileei aukera gehiago eskaintzeaz gain, benetako ekosistema sortzailea eraiki nahi du. Creative OS izenarekin, konpainiak ingurune berri bat aurkeztu du, zeinak Canva tradizionala, Canva AI adimen artifiziala eta Affinityren gaitasun profesionalak uztartzen dituen. Sistema horrek sormenaren, automatizazioaren eta irisgarritasunaren arteko topagunea izan nahi du, enpresaren ikuspegia definitzen duten hiru zutabetan oinarrituta..
Iragarritako hobekuntzen artean, aipatzekoak dira, halaber, adimen artifizialean egindako aurrerapenak: diseinuak sortzeko eta editatzeko tresna zehatzagoak ditu, eta bateragarritasun handiagoa du hainbat fitxategi motarekin. Orain, Canvak PDF dokumentuak eta PowerPoint aurkezpenak modu eraginkorragoan editatzeko aukera ematen du, eta, horrez gain, funtzio berria txertatu du email korporatiboen diseinua eta maketazioa ikuspegi bisualago eta intuitiboago batekin errazteko gai dena.
Orain, Canvak PDF dokumentuak eta PowerPoint aurkezpenak modu eraginkorragoan editatzeko aukera ematen du
Gainera, konpainiak pribatutasunarekin eta Europako araudiarekin duen konpromisoa berretsi du. Izan ere, Canvak iragarri du erabat beteko duela Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO), Europako erabiltzaileen informazioa Europar Batasuneko zerbitzarietan biltegiratzen dela bermatuz. Europako merkatuaren konfiantza indartzea eta kontinentearen arauzko eskakizunekin lerrokatzea bilatzen duen erabaki estrategikoa. Bestalde, Canva euskara hutsean ere badago eskuragarri, eta, hala, erakusten du hizkuntza-irisgarritasunaren eta egokitzapenaren aldeko apustua ere egin duela.
Diseinu digitalaren agertoki berria
Canvak, Affinityrekin egindako jokaldia mugimendu disruptiboa da, historikoki Adobe nagusi izan den merkatuan. Enpresa estatubatuarrak bere nagusitasunari eutsi dio Creative Cloud suitearen kalitateari eta estandarizazioari esker, baina harpidetza-ereduak kritikak eragin ditu alternatiba malguagoak eta eskuragarriagoak bilatzen dituzten erabiltzaileen artean. Canvak, aldiz, potentzia profesionalaren, adimen artifizialaren eta doakotasunaren konbinazioa eskaintzen du, diseinatzaile profesionalak nahiz negozio txikiak edo sortzaile independenteak erakartzeko gai dena.
Affinity 3.0 eta Creative OSekin, Canvak, sendotu egin du bere eskaintza eta online tresna soila izatetik erabateko ekosistema sortzaile izatera pasatu da. Doakotasunaren, irisgarritasunaren eta adimen artifizialaren integrazioaren aldeko apustuak markatzen du PowerPoint edo Paintekin lehiatzeaz gain, diseinu profesionaleko erraldoiei zuzenean aurpegia egiten dien konpainiaren bidea. Sormena gero eta digitalagoa eta kolaboratiboagoa den panorama batean, Canvak erakusten du berrikuntza ez dagoela beti konplexutasunaren mende, baizik eta diseinua guztiontzat benetan eskuragarri egitearen mende.