Toronto, Chicago, Paris, Milan, Berlin, Londres eta Donostia. Horra hor CDL —Creative Destruction Lab— programak jarraitu duen ibilbidea. Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategietako zuzendari nagusia den Koldo Peciñak adierazitakoaren arabera, programa hori Gipuzkoan izatea "altxor bat" da, eta lurraldea nazioartean “kuantikaren eta Adimen Artifizialaren polo” bilakatuko du.
Baina zer da, zehazki, CDL? Torontoko Unibertsitatean jaio zen 2012an, izaera teknologiko eta zientifikoa duten start-upak bultzatzeko eta bizkortzeko ekimen bat bezala. Urtero, hamar hilabeteko iraupena duten programak burutzen dira. Lehenik eta behin, ekainean international call deritzona egiten da: mundu osoko start-upak programara aurkezten dira eta parte hartuko duten 20-25 onenak aukeratzen dira. Ondoren, urtean zehar lau saio egiten dira; horietara enpresak joaten dira, eta zientzia zein enpresa esparruko aholkulariei aurkezten dizkiete proiektuak. Aholkulari bakoitzak aukeratzen du zein enpresari eskainiko dion bere laguntza, eta hurrengo saiorako bete beharreko erronkak ipintzen dizkio. Erronka horiek gaindituz gero, programaren barruan jarraituko dute hurrengo saiora arte, baina, hala ez bada, kanporatuak izango dira. Programa osatzen duten lau saioak gainditzen dituzten enpresak “graduatu egiten dira”.
'Start-up'entzat “oso interesgarria” da CDLn parte hartzea, horientzat doakoa baita, eta “ospe handiko” aholkularien laguntza jasotzeaz gain, “arrisku-kapitaleko funtsetara iristeko aukera dute”
Programa horren 2019-2020ko edizioa gainditu zuen start-upetako bat Multiverse donostiarra izan zen. “Multiversen bitartez hasi ginen hitz egiten CDL programakoekin. Orain dela bi urte Parisera joan ginen saio bat ikustera, programaren nondik norakoak ezagutzeko, eta oso interesgarria iruditu zitzaigunez, horiekin negoziaketetan hasi ginen Gipuzkoara ekartzeko”, adierazi du Peciñak.
Baita lortu ere. Egun programaren egitekoa da identifikatzea kuantikako eta adimen artifizialeko “zein bost-hamar enpresek duten ahalmen handiena”.
Parte hartzaileen artean, bi gipuzkoar
Venturalitica enpresa donostiarra CDL programaren parte hartzaileetako bat da, eta Rodrigo Cilla du sortzaile. 2025eko udan eratu zuen, “adimen artifizialaren kalitatea bermatzeko sistemak garatzeko asmoz”. Izan ere, jakina da AAk gizartean zabalduta dauden aurreiritziak bereganatzen dituela. Cillak generoaren adibidea erabili du hori azaltzeko: “bankura joanez gero hipoteka bat eskatzera, hainbat ezaugarri izango dituzte kontuan hipoteka hori onartzerakoan. Hori sistema informatiko baten bidez egiten da, AA baten bidez. AA hori ez bada fidagarria, agian generoa kontuan hartu dezake bukaerako emaitza zehazteko. Hori da, hain zuzen, gure produktuarekin ekidin nahi duguna”.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Madrildarrak kontatu duenaren arabera, AAren Europako araudia irakurri zuen, 2024ean publikatu zena, eta neurriek bere iragana ekarri zioten gogora. Medikuntzako AA garatzen zuen Cillak, eta Europako araudi berria medikuntzakoaren antzekoa zen. Beraz, enpresek arau berri horiek bete ahal izateko eta AA fidagarria bermatzeko sistemak garatzea erabaki zuen Venturaiticaren bitartez. Txekintek programaren bidez enpresa bultzatzeko dirulaguntzen bila etorri zen Gipuzkoara. Bertan, bere ideia CDLra aurkezteko aukera suertatu zitzaion, eta hala egin zuen.

Innkia ere programan parte hartzen ari da. 2025eko otsailean sortu zen —Mondragon taldeak, Laboral Kutxak eta Ikerlanek bultzatua—, eta Gorka Artola du zuzendari nagusi. Adimen Artifizialean oinarritutako sistema autonomo fidagarriak, eta “AA konfiantzaz eta segurtasunez erabiltzeko” sistemak eratzen ditu. Aurreneko urte honetan, lau laguneko lan taldea eratu, produktuaren lehen bertsioa garatu, merkaturatze prozesua hasi eta lehen bezeroa lortu dute.
CDL programaren berri Gipuzkoako Foru Aldunditik eman zietela dio Artolak. Ez zuten programa ezagutzen, baina zertan zetzan jakin zutenean, “parte hartzera animatu” ziren: “planteamendua exotikoa iruditu zitzaigun, gure ingurunean behintzat, eta erakargarria. Eta gure hautagaitza aurkeztu genuen". Baita onartu ere.
Start-upentzat abagune
Peciñak dioenez, start-upentzat “aukera ona da” aholkulari espezializatuekin lan egitea. Horietako batzuk “ospe handiko zientzialariak” dira. Beste batzuk, aldiz, aurretik “arrakasta izan duten" enpresaren bat sortu dute. Biek ala biek aholkuak ematen dizkiete zientifikoki eman behar dituzten pausoen inguruan, baita enpresaren kudeaketari buruz hitz egin ere. Gainera, CDL proiektua IESE Business Schoolekin elkarlanean ari den heinean, bertako ikasleek start-upei laguntza eskeintzen diete; hau da, enpresak nahi izanez gero, ikasleek hainbat lan egiten lagundu diezaiekete, hala nola, finantzaketa ereduak zehazten edota merkatuak baliotzen.
Cillak aholkularien eginkizunaren garrantzia nabarmendu du: "nazioarteko aholkulariz osatutako sekulako sarea du”, eta horiei bere proiektua aurkezteko aukera izan du: “aholkulari batzuek laguntza eskaini didate, azelerazioaren bitartez horien ezagutza nire enpresaren garapenaren baitan jartzeko. Nire kasuan, nire merkatua zein den zehazten lagundu didate, baita nire enpresa finantzagarria bilakatzen ere”.
Rodrigo Cilla (Venturalitica): “Aholkulariek nire merkatua zein den zehazten lagundu didate, baita nire enpresa finantzagarria bilakatzen ere”
Artolaren iritziz, start-upentzat aberasgarria da aurreneko pausoetan, ingurukoen ikuspuntuaz gain, beste herrialdeetan, sektoreetan edo jardueretan dabiltzanen ikuspuntuaz hornitzea. Baliagarria da “norberaren ideiak kontrastatu” ahal izateko eta ideia berriak bereganatzeko.
Innkiak eta Venturaliticak programaren bigarren fasea igaro berri dute hilabete honetan, eta hirugarren erronka pasatzea dute helburu orain. Cillak esan duenaren arabera, orain arte “baliagarria izaten ari da programa” Venturaliticarentzat; izan ere, sortu duten produktuan interesa duten bezeroekin kontaktuan jartzen hasi dira eta “lehen aurrekontratua sinatzeko prest” daude.
Eta Gipuzkoarentzat zer?
Peciñaren aburuz, “CDL programaren anfitrioi” izateak Gipuzkoarentzat hiru onura estrategiko nagusi ditu. Lehenengoa teknologia kuantikoaren eta adimen artifizialaren arloko ekimen berritzaileenak identifikatzea. Munduan zein ekimen berri dauden eta zein izaera duten jakiteko ahalmena dute. Aholkularien bidez deep tech arloan garatzen ari diren start-up eta ekimen berrien nondik norakoak jakin ditzakete.
Bigarrena da Gipuzkoa teknologia kuantikoen nazioarteko eremuan kokatzea. Estrategiaren helburua da Gipuzkoa nazioartean “kuantikako polo” gisa ezaguna izatea. Gaur egun, Kanada eta Chicago “polo indartsuak dira” arlo horretan, eta Europa mailan Munich; beraz, intentzioa da Gipuzkoa ere horietako bat izatea. Peciñak “nazioarteko posizionamendu hori jorratu” nahi dutela azpimarratu du.
Estrategiaren helburua da Gipuzkoa nazioartean “kuantikako polo” gisa ezaguna izatea
Hirugarrenik, nazioarteko talentua eta start-upak Gipuzkoara erakarri ahal izango dira. Hona etortzea lortzen ez den kasutan, intentzioa da erlazioak sortzea: “Start-upak hona ez datozen kasuetan ere behintzat gure zentro teknologikoekin eta zientifikoekin elkarlanean jarduteko aukera handiagoa izango da. Azkenean erlazio horiek sorrarazi nahi ditugu. Horrela, etortzen direnean gure estrategiak edota azpiegiturak ezagutzen dituzte”.
Start-upen aldeko apustua, funtsezkoa
Artolak argi du garrantzitsua dela Innkia bezalako konpainia hasiberrien aldeko apustua egitea. Merkatuan dauden “jarduera ekonomikoek bizitza bat daukate”; hau da, “jaio, garatu eta pixkanaka-pixkanaka desagertzen doaz”. Haren iritziz, lurralde batek etorkizuna izateko, naturala den desagerpen prozesu hori sormen prozesu berri batekin orekatu behar du, eta berrikuntza horretan start-upak oinarrizkoak dira, high tech (kuantika eta adimen artifiziala) izaerakoak batez ere: “Zenbat eta nazioartekotze prozesuetan eta teknologiaren berrikuntzan gehiago jardun, orduan eta aberastasun, lehiakortasun eta eragin handiagoa lortuko dugu lurraldearentzat”.
Gorka Artola (Inkkia): "Lurralde batek etorkizuna izateko, naturala den desagerpen prozesu hori sormen prozesu berri batekin orekatu behar du, eta berrikuntza horretan 'start up'-ak oinarrizkoak dira"
Ildo beretik, Cillak uste du Gipuzkoako industria tradizionala “zaharkituta” geratzen ari dela, eta “sektore berrietara dijoan trantsizio ekonomikoa burutzea beharrezkoa” dela. Nabarmendu duenez, Gipuzkoako ekonomiaren etorkizuna deep dech deritzona jorratzen duten enpresak dira, AA eta kuantika jorratzen dutenak, alegia.
Gipuzkoako Foru Aldundian ere errealitate horren jakinaren gainean daude. Peciñaren aburuz, ekonomia bi ikuspuntuetatik jorratzen dute: “betiko ekonomia eta industria berriak edo ekonomia adimentsua”. Gaur egun esan daiteke adimen artifiziala, maila profesionalean zein pertsonalean, pertsona askoren bizitzeko modua aldatzen ari dela, eta “hor egotea beharrezkoa da”. AAren kasuan, mundu mailan aurrerapen handiak burutu dira jada, baina kuantikan “aitzindariak izan gara” eta “lehiatzeko ahalmena daukagu”.