
Pertsonen adin kronologikoa jaiotzatik igarotako denbora da, urtetan neurtua, eta dokumentu ofizialetan (NANa, kasu) islatuta dator. Adin biologikoa, ordea, pertsonen organismoaren egoera funtzionalaren eta zahartzearen zenbatespena da. Adin kronologikoa finkoa den bitartean, adin biologikoa zertxobait gazteagoa edo zaharragoa izan daiteke, genetika, dieta, ariketa, estresa eta loa bezalako faktoreen eraginpean baitago.
Ildo horri tiraka, BRTA taldeko CIC bioGUNEko zientzialari talde batek, Oscar Millet doktorearen gidaritzapean, erloju metaboliko izendatutako prozesua garatu du, zeinaren bitartez pertsonen adin biologikoa neur daitekeen. Prozesua egindakoan lortutako emaitzei esker, zientzialariak gai dira gaixotasunen seinale goiztiarrak detektatzeko eta pertsonen zahartze-prozesuaren jarraipena egiteko.
Odol analisi sinple eta ez inbaditzaile batekin jartzen da martxan prozesua. Erresonantzia magnetiko nuklearraren teknikari esker, metabolito izeneko odoleko molekulak aztertzen dira, eta ikasketa automatikoko algoritmoen laguntzaz lortzen da azterketarien adin metabolikoa ezagutzea. Erloju metabolikoa sortzeko EAEko 20.000 parte-hartzaileren datuak erabili dira, adin guztietako pertsonak barne hartuta, eta Mondragon Korporazioaren laguntzarekin. Adin biologikoa ezagutarazteaz gain, beste hogeita bost parametro ere neurtzen ditu ikertzaile taldeak sortutako plataformak, “pazienteen osasun-egoeraren ikuspegi osoagoa” eskainita.
Prozesua jada erabilia izan da hainbat gaixotasun desberdin aztertzeko: prostata minbizia zuten gaixoen batez besteko adin biologikoa ia bost urte handiagoa zen beren adin kronologikoa baino; aldea hamalau urtera handitu zen gibeleko gaixotasuna zuten pertsonen artean.