CIC biomaGUNEko Material Hibrido Biofuntzionalen taldeak “aurrerapauso handia” egin du 3D bioinprimaketan, bihotz-balbulen antza duten balbulak inprimatzea lortu baitu. Ikertzaileek inprimatze-teknika aurreratuak erabili dituzte, biomaterialak zein nanopartikulak konbinatuta, eta helburu izan dute kanpo estimuluei benetakoen antzera erantzuten dieten ehunak lortzea. Dorleta Jimenez de Aberasturi, Uxue Aizarna eta Malou Henriksen doktoreek egin dituzte aurrerapen horiek.
Zehazki, Maastrichteko Unibertsitateko talde batekin lankidetzan lortu dute “airean inprimatzerakoan solidotu aurretik deformatu edo kolapsatzen ziren material bigunak edo likidoak inprimatzea”. Aldi berean, Utrechteko Unibertsitateko beste talde batekin lankidetzan, ikerketa taldeak balbula bat diseinatu du, “kanpo-estimulu bat aplikatuta ireki eta itxi daitekeena”. Ikertzaileek azaldu dute “balbula bat, arteria bat edo zain bat” inprimatzeko gai direla, “benetako paziente batenaren irudia kopiatuta”.

Bi lanetan erabili diren materialek gelatina metakrilatoa dute, txerrien biriketako arterietatik lortutako zelulen arteko “matrize estrazelularra”, baita urrezko nanopartikulak ere, zeintzuek aukera ematen duen odol-presioaren aldaketek odol-hodietan eragiten dituzten indar mekanikoak erreproduzitzeko. Hala ere, Aberasturik honako hau onartu du: “Arteria horiek oso errealak izatetik oso gertu gauden arren, oraindik urrats asko daude egiteko, eta pauso bakoitza mundu bat da”.
Aurrerapen horiei esker, hainbat gaixotasunen jatorria hobeto ulertzeko, tratamendu berrien eraginkortasuna ebaluatzeko eta, etorkizunean, aplikazio medikorako txerto fidagarriagoak garatzeko ehun-eredu errealistagoak sortu ahal izango dira.
