• BERRIKUNTZA
  • Claude Mythos, munduko segurtasunaren azken erronka

Claude Mythos, munduko segurtasunaren azken erronka

Anthropicen eredu berriak erregulazio-alarmak piztu ditu, ahultasunak detektatzeko eta eskala handiko zibererasoak egiteko duen gaitasunagatik

Adimen artifizialaren garapena potentzia handien arteko lehia geoestrategikoaren eremu bihurtu da | Argazkia: iStock
Adimen artifizialaren garapena potentzia handien arteko lehia geoestrategikoaren eremu bihurtu da | Argazkia: iStock
alejandro juez
Kazetaria, teknologian aditua
2026ko maiatzaren 6a - 05:30

Adimen artifizialeko eredu aurreratuen agerpenak aro berri bat ireki du zibersegurtasun globalean. Claude Mythos merkaturatzearekin batera, Anthropicek jauzi teknologiko bat emateaz gain, premiazko dilema bat jarri du mahai gainean: nola saihestu sistemak babesteko diseinatutako tresna bat sistema horiek urratzeko erabiltzea.

 

Claude Mythos, Anthropicek aurkeztutako AA eredu berria, azpiegitura digital konplexuetan sistemak hackeatzeko eta ahultasunak detektatzeko gai dela deskribatu du konpainiak berak. Gaitasun horrek teknologia hau eremu bereziki sentikorrean kokatzen du, segurtasun nazionalarenean eta erakundeen egonkortasunarenean. Kezka ez datza tresna beran, eman dakiokeen erabileran baizik. Beste teknologia disruptibo batzuekin gertatzen den bezala, potentzial duala du: sistema kritikoen defentsa indartzeko erabil daiteke edo, aitzitik, inoiz ikusi ez den eraginkortasunez eraso zibernetikoak bizkortzeko. Oreka ezegonkor horren ondorioz, Europako Banku Zentralak eta Ingalaterrako Bankuak, bankuei eta finantza-erakundeei ohartarazi diete beren babes-sistemak berrikusi behar dituztela, paradigma aldaketari aurre egin nahi badiote.

Bruselak muga argiak ezarri nahi ditu AA sistemak garatzeko eta erabiltzeko, baina berrikuntza teknologikoaren abiadurak, kontinentearen ahalmen arautzailea gainditzeko mehatxua egiten du

Testuinguru horretan, Artificial Intelligence Act araudi europarrak garrantzi berezia du. Bruselak muga argiak ezarri nahi ditu AA sistemak garatzeko eta erabiltzeko, baina berrikuntza teknologikoaren abiadurak, kontinentearen ahalmen arautzailea gainditzeko mehatxua egiten du. Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako gobernua hasi da horrelako ereduei murrizketak ezartzen, izan dezaketen eraginaz jabetuta.

 

Erakundeen alarma ez da nolanahikoa. Agentzia eta erregulatzaile asko Claude Mythos bezalako tresnak esku okerretan erortzearen beldur dira, azpiegitura kritikoen, banku-sistemen edo gobernu-sareen aurkako erasoak erraz ditzakeelako. Zibererasoak automatizatu eta eskalatzeko aukerak aldaketa kualitatibo bat dakar, eremu digitalean jokoaren arauak birdefini ditzakeena.

Lasterketa geoestrategikoa

Adimen artifizialaren garapena potentzia handien arteko lehia geoestrategikoaren eremu bihurtu da. AEB eta Txina dira lasterketaren liderrak, eta badirudi Europa, beste behin ere, atzean geratu dela. Funtsezko teknologietarako sarbiderik eza da kezka hori elikatzen duen faktoreetako bat. Gaur egun, Amazon, Apple, Google, Microsoft, JPMorgan, Cisco edo Nvidia enpresek, besteak beste, mota horretako eredu aurreratuak erabiltzeko aukera dute, eta horietako bat ere ez da europarra.

Egoera horren aurrean, joan den maiatzaren 4an, Europako goi-ordezkariek bilerak egin zituzten Anthropici presioa egiteko, tresna horiek modu bidezkoagoan eskuratu ahal izateko. Helburua argia da, Europako enpresak eta erakundeak prestatzea zibererasoak sofistikatuagoak eta ohikoagoak bihur daitezkeen eszenatoki baten aurrean.

Claude Mythosek sistemak aztertzeko, defendatzeko eta erasotzeko duen potentzialak etengabeko zaintza-egoeran jartzen ditu gobernuak, bankuak eta erakunde publikoak

Enpresa pribatu batek segurtasun nazionalean eragina izateko gaitasuna duen teknologia bat garatzeak eztabaida piztu du. Nork kontrolatzen ditu sistema horiek eta zein arauren arabera? Adimen artifizialaren gobernantza datozen urteetako erregulazio-erronka handienetako bat da.

Claude Mythos benetako jauzia da adimen artifizialeko tresnen gaitasunean. Sistemak aztertzeko, defendatzeko eta erasotzeko duen potentzialak etengabeko zaintza-egoeran jartzen ditu gobernuak, bankuak eta erakunde publikoak.

Kontua ez da teknologia horiek arriskutsuak izan daitezkeen, baizik eta nola saihestu arriskutsuak izatea. AA geopolitika globaleko funtsezko elementu gisa finkatzen den testuinguruan, erregulazio eraginkorra eta tresna horietarako sarbide orekatua erabakigarriak izango dira aurrerapen teknologikoa segurtasun kolektiborako mehatxu bihur ez dadin.