• BERRIKUNTZA
  • Daniel Ochoa de Eribe:“Nire sistema drone eta bideozaintza sistemetan integratzeko diseinatuta dago"

Daniel Ochoa de Eribe:“Nire sistema drone eta bideozaintza sistemetan integratzeko diseinatuta dago"

Gasteizko industria ingeniariak UPV/EHUko Inizia ekintzailetza programaren Ekimen Berritzaile Berriak saria irabazi berri du. 'Scouter' izeneko bere proiektuan ingeniaritza eta adimen artifizialeko ezagutzak bat egin ditu gizarteari laguntzeko

Daniel Ochoa de Eribe saria jaso berritan | Argazkia: EnpresaBIDEA
Daniel Ochoa de Eribe saria jaso berritan | Argazkia: EnpresaBIDEA
Maitane Junguitu
Gizarte Komunikazioan doktorea
2025eko maiatzaren 18a

Maiatzaren 9an EHUko Gasteizko kanpusean Inizia sariak banatu ziren. Guztira 16 proiektu aurkeztu ziren bi kategoriatan, alde batetik, ekimen berritzaile berriak eta, bestetik, gradu eta master amaiera eta doktorego tesietan oinarritutako proiekuak saritu ziren. Daniel Ochoa de Eribek, Bilboko Ingeniaritza eskolako ikasle ohiak, irabazi zuen ekitaldiko sari nagusia Scouter proiektuarekin.

 

Ingeniaritza ikasi eta ondoren adimen artifizial aplikatuan trebatzeko masterra egin zenuen Cranfield-eko unibertsitatean. Alabaina, ekintzaile bihurtu baino lehen lanean izan zinen hainbat urtez. Nola iritsi zinen Scouter proiektua planteatzera?

Ikasketak amaitu ondoren CAF Signalling enpresan hiru urtez lan egin nuen, Donostiako bulegoetan. Bertan tren autonomoa garatzen duen taldean aritu nintzen. Denbora horretan nire proiektuan ezarriko nituen ezagutza asko barneratu nituen. Adimen artifizialaren arloan sakontzeaz gain, sistema baten garapenerako behar diren etapak lehen eskutik bizitzeko aukera izan nuen, sistemaren diseinutik hasi eta eszenatoki errealetan egindako testetaraino.

 

Hor negoela, nire anaiak ekintzailetzan hasteko grina piztu zidan. Bera ere ekintzailea da eta Seaquenz enpresa eratu du jada. Bertan, aireratze bertikala eta hegaldi horizontala egiteko gai den drone autonomo bat (VTOL motakoa) garatzen ari dira. Berari laguntzen hasi nintzen, baina laster nire ideiaren indarra ikusi nuen eta ekitea erabaki nuen. BIC Araba bidez SPRI taldearen Ekintzaile beka eskatu eta lortu nuen. Hor hasi nintzen Scouterri forma ematen.

Zehazki, zein da proposatzen duzun teknologia?

Scouter adimen artifizialean oinarritutako sistema bat da, larrialdiak automatikoki detektatzeko gaitasuna duena. Teknologia hori drone eta bideozaintza sistemetan integratzeko diseinatuta dago.

Droneei dagokienez, kamera termikoak eta RGB motako kamerak erabiliz, zerutik suteak detektatu ahal izango ditu arrisku handiko eremuetan, edota mendian desagertutako pertsonak aurkitu. Gero, GPS koordenatu zehatzak automatikoki segurtasun erakundeei bidaliko dizkie.

Aztertzen ari naizen beste erabilera bat lapurretei lotuta dago. Bideo-segurtasun kameren irudiak adimen artifizialak momentuan aztertu eta ebasketak identifikatuko ditu. Informazio hori saltokiaren segurtasun arduradunari jakinaraziko dio, honek lapurreta gelditu dezan.

Zure anaia dronen alorrean ekintzailea dela esan duzu. Nola osatzen dira zuen proiektuak?

Bere enpresak, Seaquenz, autonomia handiko drone bat garatzen ari da. Scouter sistema drone horietan integratuta larrialdiak zerutik azkar detektatzeko aukera izango dugu. Horrela, produktu oso bat osatuko genuke, zuzenean suhiltzaileek erabil ahal duten tresna bihurtuz.

"Ikasketak amaitu ondoren CAF Signalling enpresan hiru urtez lan egin nuen, Donostiako bulegoetan. Bertan tren autonomoa garatzen duen taldean aritu nintzen. Denbora horretan nire proiektuan ezarriko nituen ezagutza asko barneratu nituen"

Gaur egun zein fasetan dago Scouter?

Hardware eta software mailan prototipo erabilgarri bat daukat jadanik. Erakustaldi sinple bat egiteko gai den gutxieneko sistema bat da. Esaterako, metxero baten sua detektatzeko eta GPS koordenatuak jakinarazteko gai da. Orain merkatua aztertzen ari naiz, lehen bezeroaren bila. Erabilera kasu bideragarri bat aurkitzen dudanean, enpresa sortu, produktuaren garapena bultzatu eta lehen diru-sarrerak lortzea izango dut helburu. Paraleloki, finantzaketa bilatzen ere arituko naiz.

Inizia DanielOchoa
Inizia sari nagusia eskuratu du ekintzaileak | Argazkia: Inizia UPV/EHU Araba campusa

Nola salduko duzu zure produktua?

Nire negozio ereduaren oinarria softwarea integratuta duen hardwarea saltzea da, beharrezko instalazioarekin batera. Gainera, software eguneratzeak eskaintzea aurreikusten dut, bezeroaren fidelizazioa bermatzeko.

Araban garatu duzu zure ekintzailetza proiektua. Enpresa bat irekitzeko ekosistema aproposa dago lurraldean?

Uste dut Araban baliabide aproposak daudela ekintzaileentzat. Ekintzaile beka hasierako bultzada handia izan zen niretzat. Gainera, BIC Araba-ren eskutik hainbat ikastarotan parte hartu dut eta beste dirulaguntzei buruz informatzen aritu naiz.

"Hurrengo sei hilabetetan Scouterren erabilera kasu nagusia definituta izan nahi dut eta lehen bezero hori lortzea gustatuko litzaidake"

Produktu bat sortzea, enpresa sortzea, bezeroak bilatzea… Ekintzailea izanik “orkestra-gizona” sentitzen zara?

Guztiz. Nire profila zeharo teknikoa da eta azkar konturatu nintzen produktuaren garapena bidearen zati bat baino ez dela. Beste arlo askori buruz ikasi behar da, hala nola negozioaren nondik-norakoak, marketina, salmentak… Produktu onena ez da hoberen funtzionatzen duena bakarrik, merkatura iristen eta saltzen dena baizik. Beste ekintzaileen esperientzietatik eta BIC Arabak eskaintzen dituen baliabideetatik asko ikasten ari naiz.

Ba al duzu epe laburrera begira helburu zehatzik?

Hurrengo sei hilabetetan Scouterren erabilera kasu nagusia definituta izan nahi dut eta lehen bezero hori lortzea gustatuko litzaidake. Finantzaketa bilatzen ere aurrera egin izana espero dut, garapena azkartzeko aukera emango didalako. Uste dut orain oinarri sendo bat dudala eta epe horretan nire proiektuak heldutasun maila handi bat lortu ahal duela.