Danobatgroup industria taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Makina-Erremintako Doitasun Gela sortu dute, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan talentua prestatzen eta kudeatzen laguntzeko.
Danobatgroupen eta Gipuzkoako EHUko Ingeniaritza Eskolaren arteko lankidetza-hitzarmena asteazken honetan sinatu da unibertsitateak Donostian dituen instalazioetan. Hitzarmena gaur ofizialdu den arren, ekimenaren dinamikak duela urtebetetik daude erabilgarri Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Mekaniko + Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko gradu bikoitzeko ikasleentzat.
Akordioak lau urteko indarraldia izango du gaurtik aurrera, eta EHUko ordezkariek sinatu dute; zehazki, Xabier Ostolaza Eskolako zuzendariak; Mikel Iturrate EHU-Danobatgroup Makina-Erremintaren Doitasun Gelako zuzendariak, eta Iker Laskurain GIEko Kanpo Harremanetako zuzendariordeak; eta, industria taldearen aldetik, Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendari Iker Usabiagak.
Lankidetza hitzarmena Danobatgroupek inguruko gazteen talentuaren prestakuntzaren eta kudeaketaren alde egiten duen apustu estrategikoaren parte da. Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendariak azaldu duenez, “Euskadiko erreferentziazko unibertsitate batekin harreman sendoa izateak balio digu mundu akademikoaren eta gure taldearen negozioen artean ezagutza, trukea eta talentuaren transferentzia sustatzeko”.
Aliantza horren barruan, bi aldeek konpromisoa hartu dute graduko prestakuntzaren arloan lankidetzan aritzeko, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak eskatzen dituen premia berezietara egokitutako talentua sortzeko. Aldi berean, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen saiatuko dira, mekanismo dualak sustatuz, praktiken eta gradu bukaerako lanen bidez. Horrez gain, bi aldeak makina-erremintaren arloari buruzko saio eta jardunaldi teknikoak antolatzeaz arduratuko dira. Jarduera horiek aukera emango die ikasleei sektorearen erronkak eta aukerak bertatik bertara ezagutzeko.
Ikasleen prestakuntza teoriko-praktikoa osatzeko, sektorearen joerei buruzko azterketa, analisi eta ikerketa lan akademikoak egingo dira, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikasleen eta industria taldeko kooperatibetako profesionalen partaidetzarekin. Gainera, ikasleek makina-erremintako soluzio teknologiko aurreratuenak ere ikasi ahal izango dituzte, industria taldeko negozioetara bisita teknikoak eginez.