Ziur Gipuzkoako Foru Aldundiaren zibersegurtasun zentroak ramsomware izaera duten 1.951 gertakari antzeman zituen 2025eko laugarren hiruhilekoan. Ramsomware datu-bahiketa bat da, eta sistema eragile batean erabiltzen diren artxiboak zifratu eta konputagailu horretara konektatuta dauden unitate sareak kutsatzen ditu. Zentroak ohartarazi du eraso mota hau nabarmen handitu dela azken hilabeteetan, eta manufaktura, teknologia, osasuna, kontsumitzailearentzako zerbitzuak eta eraikuntza sektorea izan dira kaltetuenak.
Ziurrek eginiko txostenaren arabera, Espainiak mundu mailan zibereraso gehien jasaten dituen hamar herrialdeen zerrendan jarraitzen du, laugarren postuan, hain zuzen. Iaz, Espainia etengabe sartu eta atera zen zerrenda horretatik. Hirugarren hiruhilekoan, herrialdea lehen postuetan izan zen, "talde hacktibista" ugarik egindako #OpMortadelos goitizena zuen operazioa jasan zuenean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren azterlanak ondorioztatu du aldi horretan zerbitzu ukapeneko 3.663 eraso (DDoS) izan zirela. “Espainia herrialde erasotuenen artean agertzeak ez du esan nahi herrialdearen aurkako erasoaldi koordinatua dagoenik, jarduera hacktibista handiko eta konfigurazio ez-seguruetatik eratorritako aukera teknikoen testuingurua islatzen du”, azaldu du María Penillak, Ziurreko zuzendariak. “Normalean sofistikazio gutxiko erasoak dira, baina zerbitzu kritikoei eragiten badiete inpaktu potentzial nabarmena dute”.
Gobernu eta energia sektoreak izan dira zibereasoengatik kaltetuenak Europan. Ziurrek nabarmendu du hacker talde horiek “oinarrizko jardunbideen bidez” sartzen direla Interneten ikusgai dauden ingurune industrialetara, hala nola “kredentzial lehenetsien erabileraren edo konfigurazio ez-seguruen bidez”, eta, hortaz, “higiene digitaleko neurriak indartzearen garrantzia” jarri du azpimarra.