DeepTek Gipuzkoa Fundazioak ekintzailetza programa berri bat jarri du martxan, xede izanik Gipuzkoan oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresak sortu eta bultzatzea. Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak sustatutako ekimenak talentua, ikerketa, industria, inbertsioa eta ekintzailetza elkartu nahi ditu. Programa Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eluska Sukia Kutxa Fundazioko Inbertsio zuzendariak eta Ander Aizpurua erakundeko zuzendari nagusiak aurkeztu dute.
Ekimenak laguntza eskainiko die ekintzaileei prozesu osoan zehar, aukera zientifiko edo teknologiko baten identifikaziotik hasi eta enpresa sortu, sendotu eta nazioartekotzeraino. Horretarako, proiektu bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbidea eskainiko da, bost ardatzen bidez: talde osagarriak eratzea, merkatuarekin lehen harremanak eta baliozkotzea, finantzaketa espezializatua eskuratzea, laguntza pertsonalizatua eta enpresa, inbertitzaile zein nazioarteko ekosistemekin loturak sustatzea.
Programa bereziki zuzenduta dago konplexutasun handiko aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan oinarritutako enpresetara, hala nola adimen artifizialean, teknologia kuantikoetan, bioteknologian edo blockchain teknologian jarduten dutenetara. Eider Mendozaren esanetan, erronka da "potentzial hori guztia aukera berri bihurtzea pertsonentzako eta lurraldearentzako".
Gainera, Gipuzkoan dauden baliabide eta gaitasunak koordinatu nahi ditu egitasmoak, ekintzaileek beren proiektuen fase bakoitzean behar dituzten baliabideak erraz eskura ditzaten. Testuinguru horretan, Columbus Venture Partners eta BeAble bazkide estrategiko izango dira, eta BIC Gipuzkoak kudeaketa lanak egingo ditu. Aurreikuspenen arabera, datozen bi urteetan ehun ekimen zientifiko-teknologiko identifikatu eta bultzatuko dira programari esker.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta