Deskonexioaren beldur

18 eta 30 urte bitarteko euskal gazteen %85ak aitortu duenez, interneta kenduz gero, euren bizimoduak nabarmen egingo luke okerrera

'The Future Game' ekimenaren emaitzen aurkezpena | Argazkia: BBK 'The Future Game' ekimenaren emaitzen aurkezpena | Argazkia: BBK

Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen gehiengo zabal batek, %85ak, ikara dio deskonektatzeari, ezingo luke sakeleko telefonoa hegazkin moduan izan denbora tarte luzez. Are gehiago, interneta desagertuko balitz, euren bizitza askoz okerragoa izango litzatekeela uste dute. %60ak, berriz, egunero sentitzen du bere bizitza digitalari lotuta antsietatea edo nekea, izan mentala zein fisikoa. 18 eta 30 urte bitarteko 1.000 gazteri galdetuta atera dituzte ondoriook, BBK Kunak egindako ‘The Future Game’ ekimenaren baitan.

Braulio Gomez: “Euskal gazteen erdiak baino gehiagok uste du, sare sozialetatik alde eginez gero, jende berria ezagutzeko aukera edo hain intimoak ez diren harremanekiko kontaktua galdu egingo lukeela”

‘Gazteak eta Humanismo Digitala Euskadin’ izena jarri diote inkestari, eta horren emaitza nagusien berri eman du prentsaurrekoan Braulio Gomez galdeketaren arduradun, Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasle eta Deustobarometroko zuzendariak. Azaldu duenez, gaur egungo gazteentzat teknologia eta interneta “ezinbestekoak” dira euren harremanei eta bizimoduari eusteko. “Euskal gazteen erdiak baino gehiagok uste du, sare sozialetatik alde eginez gero, jende berria ezagutzeko aukera edo hain intimoak ez diren harremanekiko kontaktua galdu egingo lukeela”. Gainera, ohartarazi duenez, egungo gizartetik aldendu egingo liratekeela uste du gazteen gehiengo zabalak.  

“%60ak egunero sentitzen du antsietatea zein nekea bizimodu digitalari lotuta”

Aldi berean, teknologiak dituen arriskuak ere ongi ezagutzen dituzte. Gazteen gehiengoak adierazitakoaren arabera, irainak, nortasun ordezkapenak edota lapurtzeko aukerak handiagoak dira mundu digitalean mundu errealean baino. Hala, %69ak bere iragan digital guztia ezabatu nahiko luke. Eta sortzen duen menpekotasunaren jakitun ere badirela dio Gomezek: “%54ak uste du gailu digitaletan igarotako denbora beraien bizitza errealari lapurtutako denbora dela, eta %60ak egunero sentitzen du antsietatea zein nekea bizimodu digitalari lotuta”.

21 eguneko proba

Inkesta egitearekin batera, ‘The Future Game’ ekimena sustatu du BBK Kunak, DOT diseinuaren alorreko kooperatibarekin eta Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategiarekin lankidetzan. 18 eta 26 urte bitarteko 12 gazte proban jarri dituzte 21 egunez, guztiz digitalizatuta dagoen mundu batean bizitzearen inplikazioak ulertzeko eta gizakiaren eta teknologiaren arteko interakzioen etorkizuna irudikatzeko. Guztira 21 proba burutu behar izan dituzte, egunero bana, eta zenbait kontuetan hausnarketara bultzatu dituzte gazteak: sindrome berriek sortzen dieten antsietatea, adibidez, edo FOMO sentsazioa (egon ez zarelako zerbait galtzeko beldurra). Baina baita sare sozialetan ikusitako eduki digitalek sorrarazten dien sentipena ere, pandemian sentitutako bakardadea, edota beren lasaitze-sentsazioekin batera, 24 orduz gailu teknologikorik gabe bizitzeko erronka burutzean. Halaber, zenbait planteamenduri erantzuten ere saiatu dira, tartean, algoritmoek iritzietan duten eragina edo inpaktua, teknologiak eguneroko bizimoduari egiten dion ekarpena, edota sare sozialek aldatu ote dien harremanak izateko modua.

18 eta 26 urte bitarteko 12 gazte proban jarri dituzte 21 egunez, guztiz digitalizatuta dagoen mundu batean bizitzearen inplikazioak ulertzeko eta gizakiaren eta teknologiaren arteko interakzioen etorkizuna irudikatzeko

Esperientzia 21 klip laburretan bildu dute, eta sare sozialen bidez partekatuko dituzte. Era berean, otsailaren 1etik aurrera, nahi duenak aukera izango du esperientzia horretan parte hartzeko, antzeko probak norbere etxetik eginez eta bere esperientziak sare sozialen bidez partekatuz. Probei eta erronkei buruzko informazio guztia BBK Kuna eta The Future Game-en Instagram kontuetan dago eskuragarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK