Deustuko Unibertsitateak eta PuntuEUS Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, eta horren bitartez, unibertsitateak euskarak Interneten duen presentzia areagotzeko egitasmoak sustatu eta langile, irakasle eta ikasleen artean .eus domeinua erabili dezaten ekintzak bideratuko ditu.
Josu Waliño PuntuEUS fundazioaren zuzendari nagusiak eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak izenpetu dute hitzarmena unibertsitatearen Donostiako kanpusean. Azaldu dutenez, Deustuko ikasleek doan erregistratu ahalko dituzte .eus domeinuak merkatu librean.
Domeinuaren doakotasuna ikasle diren bitartean mantenduko litzateke, haien ikasketa proiektu, blog pertsonal edo aisialdirako abiatzen dituzten webguneetan. Bestalde, irakasle tutore, ikasle, ikasle ohi eta langileek lehen urterako zerbitzaria doan erregistratzeko aukera izango dute, eta prozesu horretan behar den laguntza teknikoa eta trebakuntza eskainiko zaizkie.
Halaber, bi erakundeek elkarlanean Internet eta digitalizazioaren gaineko hitzaldi, trebakuntza saio eta bestelako ekitaldiako antolatzeko konpromisoa hartu dute.
Hitzarmena 2024-2025 ikaskurtean zehar egongo da indarrean, eta zehaztu dutenez, urtero automatikoki berrituko da.